Hernioko itzulia egingo dute uztailaren 12an eta 13an

Ataria 2018ko ekainaren 19a

Anoetako Udalak, Anoetako Kirol Klubarekin batera antolatu du irteera 11 eta 14 urte bitartekoentzat. Izen emateak udaletxean edo liburutegian egin behar dira, ekainaren 20ra arte. Gutxienez bost lagun eta gehienez 10 hartuko dituzte.

Ibilaldia era autonomoan osatzea litzateke helburua, oinez joan, bidean lo egin, eramandakoa jan eta oinez itzultzea etxera. Elkarbizitza lantzea, erabakiak hartzen jakitea eta daukaguna konpartitzea bultzatu nahi dituzte.

Lehen egunean Anoetatik abiatu eta Hernialdetik barrena Herniora joko dute. Bigarren egunean, Hernio, Gazume eta Anoeta arteko bidea egingo dute Alkizatik barrena.

Uztailaren 12an, ostegunarekin, 09:00etan aterako dira plazatik eta hurrengo egunean, 19:00etarako itzuli. Partaideek lehen eguneko bazkaria eta merienda eramango dituzte.

40 euro ordaindu behar ditu bertan parte hartu nahi duenak eta prezioan mendi gidaritza lana, erantzun zibileko asegurua eta mapa sartzen dira. Lehen eguneko afaria eta hurrengo eguneko gosaria, bazkaria eta sukaldatzeko baliabideak antolatzaileen kargu joango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!