Ume motxiladunen inguruko erakusketa Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 5a, 18:32

Ostirala arte egongo da ikusgai Anoetako udal liburutegian, bihar asteazkena, goiz eta arratsaldez, eta ostegun eta ostiralean arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.

Aurreko ostiralean Motxila etorkizunez bete ekimena egin zuten Ibarrako plazan. Pilota jokoak, sokatira erakustaldia eta txokolate jatea egin zituzten eta Manu Azkarateren semeak, herriko motxiladun gazteak, bere bizipenen berri eman zuen.

Eguzki Azkaratek bezala, Euskal Herriko beste ehun umetik gora bizi duten errealitatea erakusten duen erakusketa zabaldu dute Anoetako liburutegian. Udalaren babesa jaso du ekimenak eta Tolosaldeko Sarek adierazi duenez, ibiltaria izango da, "hortaz, beste herrietako sarekideak, udalak eta herritarrak animatzen ditugu euren udalerrira eraman dezaten". 

83 umek daukate aita espetxean, 8 umek ama, bederatzik bi gurasoak eta lau ume dira, motxilarik gabe, amarekin kartzelan daudenak hiru urte bete artean. Gehienak, 22, hiru eta sei urte artekoak dira. Haur motxiladunen 45 guraso daude Euskal Herritik 400 eta 800 kilometro artean. Datu hauek jasotzen ditu erakusketa honek, besteak beste. "Datu gordinak dira, eskubide urraketa baten beri ematen dutenak".

Gune interaktiboa ere badu erakusketak, non espetxeko unibertsoa islatzen den: "Bisita bat irudikatzen duen txoko bat dago, kristalezko banaketa horrekin eta telefono dei baten esperientzia ere ematen da. Erakusketaren hasieran, puzzle bat osatzeko aukera ere badago, haurren eta preso dauden euren gurasoen arteko harremana irudikatzen duena".

Haur motxiladunen esperientzietatik abiatuta Exprai izeneko ilustratzaile nafarrak hamabi marrazki jarri ditu eta irudia jarri die umeek emandako testigantzei. "Ez da batere erosoa izan, errealitate gordina bizi dute ume hauek eta hori irudietan emateak barrenak astintzen dizkizu", dio ilustratzaileak.

Ostirala arte izango da ikusgai erakusketa hau Anoetan, udal liburutegia zabalik dagoen bitartean, 16:00etatik 19:00etara. Gainera, gaur asteazkena, goizez ere ikusi ahal izango da. Ondoren, haur motxiladunak bezala, bere bidaia abiatuko du erakusketak herriz-herri, giza eskubideen urraketa honen berri emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!