Anoetako jaiak 2018

Odol emaileen elkarteko kideek bota dute Anoetako jaiak hasteko suziria

Ataria 2018ko maiatzaren 30a

Anoetako jaiak gaur arratsaldean abiatu dira kukuaren jaitsierarekin. Danborradan parte hartu duten haurrek jarri diote doinua uneari eta Anoetako odol emaileen elkarteko kideek bota dute pregoia.

Herritarrak odola ematera animatu dituzte, "bereziki gazteak", eta azken 25 urteetan Anoetako elkartean jaso duten laguntzagatik eskerrak eman dituzte.

Txalapartariek egin diote harrera kukuari 19:00etan eta danbor soinuekin agurtu dute plazan zeuden haurrek. Pregoia entzun ondoren, suziria piztu eta festa lehertu da Anoetako plazan.

Kuku elkartekoek sardina jatea antolatu dute ondoren eta Loatzo musika eskolako trikitilariak atera dira kalera. Gauean Laket taldea ariko da plazan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!