Zein eragile batu zarete egitaraua osatzeko?
Ane Urkola: Anoetako Sare, Sortu, Ernai, Anoetako Gazte Asanblada eta Emakume Taldea. Eragile bakoitzak bere aldetik antolatzen ditu ekitaldiak eta ekitaldi horien multzoarekin osatzen dugu egitaraua.
Ez da lehen aldia horrelako egitarau bat antolatzen duzuela, ezta?
Jokin Tolosa: Ekintza puntualak antolatzen hasi ginen duela urte batzuk eta ikusi genuen bagenituela ekintza batzuk nahiko finko zeudenak. Gazteok gure gustuko zerbait lortu nahi bagenuen guk geuk antolatu beharra geneukala pentsatu genuen, hortik sortu zen ideia. Egitarau alternatiboa bada ere, udalak antolatzen dituen ekitaldiekin osagarria da. Egitarau horretan kabitzen ez den horri lekua ematea eta beste ahots horiek ikusgarri egitea da gure asmoa.
Zein espazio antolatu duzue ekintza hauek aurrera eramateko?
J.T.: Iazko antolaketa bera izango da. Bi txosna eta karpa bat izango dira. Karpak aukera ematen digu eszenatokia antolatzeko eta kontzertuak bertan egiteko. Plazan ere izango dira ekimen batzuk, publikoak parte hartzea nahi genukeelako.
Egitarau oparoa da. Ekintzaren bat bereziki azpimarratu nahi duzue?
A.U.: Bai. Sexu askapenaren eguna antolatu dugu ostiralerako. Gai hori erdigunera ekartzeko modu bat dela iruditzen zaigu. Bai ginkana eta baita gaueko kontzertuak horren bueltakoak izango dira. Beste gorputz eta esperientzia batzuk plaza publikoaz jabetzeko aukera izango da.
ANOETAKO ERAGILEEN EGITARAUA
Maiatzak 30, asteazkena
01:00. Kontzertua: Eztena Tpr taldearekin.
Maiatzak 31, osteguna
21:00. Herriko mugimenduaren aldeko afaria.
01:00. Eskertza ekitaldia.
Ekainak 1, ostirala
Sexu askapenaren eguna
18:00. Ginkana.
02:00. Kontzertuak: Yogurinha Borova eta DJ Mola.
Ekainak 2, larunbata
18:00. Gazteen kalejira.
23:00. Gazteen dantza.
02:00. Kontzertuak: Selektah Stepi eta gonbidatuak, Aitor Perku, Sista Kata eta Moro.
Ekainak 3, igandea
21:30. Antzerkia, Itsaspetik azalera, azaletik plazara.