Anoetako jaiak 2018

Indarkeria matxista kasuen aurrean aktibatzeko protokoloa osatu dute

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 22a, 12:44

Erasoen Aurkako Batzorde bat sortu dute eta batzorde hau arduratuko da protokoloa martxan jartzeaz, kuadrilla egunean eta herriko jaietan.

Anoetako Udalak herriko festetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa sortu du eta horretarako Farapi kooperatiba elkarteak dinamizatutako parte hartze prozesua gauzatu du. Aurtengo martxoa eta apirilean zehar egindako lau saiotan, 16 pertsonek hartu dute parte herriko eragile ezberdinen izenean. Udaletxeko batzar aretoan egindako aurkezpen publikora gerturatu ziren eragile horietako ordezkariak, besteak beste, Anoetako Emakume Taldekoak, Anoetako Gazte Asanbladakoak, Anoetako Herri Ikastolakoak, udaletxeko langileak, ordezkari politikoak eta txosna batzordeko kideak.

Erasoak saihesten laguntzea edo zerbait gertatzen bada erantzutea, "herritarren ardura" dela esan du Josune Eizmendi Parekidetasun zinegotziak. "Guztion partaidetza beharrezkoa da", gaineratu du. Aurretik ere jai parekideetan guztien parte hartzea bermatzeko irizpideak markatu zituen udalak herriko hainbat eragilerekin batera eta orain, indarkeri matxistari aurre egiteko protokoloarekin beste pauso bat eman nahi dute, "emakume eta gizonen berdintasuna lortze bidean".

Endika Esnaolak, udaleko gizarte zerbitzuetako langileak, protokoloa osatzeko bileretan parte hartu du eta bere esanetan, "prozesuan zehar gaiaz sentsibilizatu, formatu eta hausnartu dugu". Bileretan adostutakoaren arabera, Erasoen Aurkako Batzordea eratuko da Anoetan. Udaleko bi ordezkarik, Anoetako Emakume Taldeko bi kidek, tabernetako ordezkari batek eta txosna batzordeko beste batek hartuko dute parte batzordean. "Edozein erasoen aurrean, batzorde hau arduratuko da adostutako protokoloa martxan jartzeaz", esan du Esnaolak.

Indarkeria matxista kasuen aurrean aktibatuko da protokoloa eta Ane Urkola, Anoetako Emakume Taldeko kidearen esanetan, horren barruan kokatzen da indarkeria sexista, "emakumeek emakume izateagatik jasaten dutena, eta helburu bezala, emakumeen kontrola eta haien gaineko nagusitasuna betikotzea duena". Beste indarkeria matxista batzuk ere biltzen ditu protokoloak Urkolaren esanetan: "homofobia, lesfobia, transfobia eta intragenero indarkeriak esaterako".

Herritarrentzat gomendioak

Erasotuari laguntza eskaintzea; leku lasai edo seguru batera joateko aukera ematea; konfiantzazko norbaiti deitzeko aukera eskaintzea; hala nahi ez badu, erasotua bakarrik ez uztea; gertatutakoa kontatzera ez behartzea eta bere erabakiak epaitu gabe errespetatzea; Gomendio horiek dira, besteak beste, protokoloa bultzatu duten eragileek herritarrei egin dizkietenak. 

Anoetako jai egitarauan orri bat eskaini diote protokoloari eta Tere Soto udaleko kultur dinamizatzaileak azpimarratu duenez, Anoetako Erasoen Aurkako Batzordeak telefono zenbaki bat izango du 24 orduz martxan, edozein erasoren aurrean erabiltzeko balioko duena.

Besoko morea

Protokoloaz kanpo Anoetako Emakume Taldeak beste ekimen bat jarriko du martxan Anoetako jaietan: besoko morea. Ezkerreko besoan bereizgarri hori eramango duten herritarrak "aliatu" bezala hartu ahal izango ditu erasoa jasan duen pertsonak. "Guregana gertatu ahal izango du", esan du Urkolak.

Herritar orori egin diote besokoa eramateko gonbita eta konpromiso hori hartzen dutenei, "parte hartze aktiboa" eskatuko diote. "Tabernariengana zuzendu, argiak piztu eta erasotzailea kanporatzeko eskatuko dugu, eta bestalde, Erasoen Aurkako Batzordera bideratuko dugu erasotua".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!