«Norentzat da mesedegarria gure drogen kontsumo eredua?»

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 26a, 08:00

Gatazka kolektiboak argitara emandako Drogak, kapitalismoa eta mugimendu erradikalak saiakeran parte hartu zuen Aitor Aspuru Saezek (Laudio, 1981) 2014an. Gai hori ahotan hartuta ariko da bihar Anoetako gaztetxean.

Zure ustez herri mugimenduetan badago garatuta diskurtso bat drogen kontsumoaren inguruan?

Ez. Horren adibidea da 50 hitzaldi inguru eman ditudala gai honi buruz eta, salbuespenak salbuespen, eztabaida beti abiatzen da 0 puntutik. Zenbait diskurtsok, apurka-apurka, aurrera egin duten arren (elikadura burujabetza, feminismoa...) drogena ez doa aurrera, eta batzuetan atzera egin dezakeela dirudi.

Maiz kontsumoa ikuspegi indibidualistatik aztertzen da. Egokia da hori zure ustez?

Drogen kontsumoa ez da herri mugimenduak daukan arazorik larriena, baizik eta horren isla. Oinarrian dauzkagun afera dira ekintza kolektiborako planteamendu eza eta borroka komunitateak sortzeko zailtasunak.

Neurri batean, hori da kapitalismoak eta liberalismoak zipriztintzen gaituelako, gizarte honetan sarturik baitaude buru-belarri. Norbanakoaren ikuspegia da liberalismoaren filosofia errepikatzea. Horregatik, edozein alternatiba, derrigorrez, kolektiboa izango da. Norbanakoaren planteamendua da kontsumitzaile hutsarena, eta hori gainditu beharra dago.

Aurreko hamarkadatan drogen kontsumoaren inguruko hausnarketa bultzatu al da herri mugimenduetan?

Bai, muturreko kasuetan izan bada ere. Hau da, eraginak oso bistakoak eta larriak zirenean. Heroinaren eta bestelako droga ilegalen inguruko eztabaida anitza eta sakona izan da 1970eko hamarkadatik 2000. urtera arte, gutxi gorabehera. Horretarako heriotzari, hiesari eta errepresio arazo izugarriei aurre egin behar izan zitzaien.

Askapen mugimenduetan drogen kontsumoa oso zabalduta al dago?

Nik ez dut uste drogen kontsumoa giro militanteetan gizartean baino hedatuago dagoenik. Kontua da, garrantzi izugarria duela harreman eta militantzia ereduan. Bai alkohola finantzazio iturri nagusia bilakatu dugulako, baita militantzia bera aisialdira lotu dugulako ere, beste esparru batzuk ahaztuta. Askotan esaten dut adierazle oso penagarria dela, hainbat urte militatu eta gero, garatu dugun jakintza eta trebetasun handiena barran zerbitzatzea izatea.

Zergatik kontsumitzen dugu?

Argi dago, oro har, gure ezintasunei eta ezinegonari aurre egiteko hartzen ditugula aisialdirako drogak. Sistema honetara egokitzeko tresnak dira, eta hori ez da agerikoa bakarrik aisialdian, ikasteko edota lan egiteko droga legalak hartu behar ditugu maiz; kafea edo tabakoa.

Kapitalismoak zenbateraino behar ditu drogak erreproduzitzen jarraitzeko?

Garrantzitsuak dira, baina telebista edota autoa bezala. Hau da, drogak ez dira hautaketa neutrala eta askea. Sistema kapitalistako herritar zintzoak eta baliagarriak izateko beharrezkoak ditugu, guk eta kapitalismoak berak, bere menpe funtzionatzeko (ekoizteko eta kontsumitzeko) eta bere dinamika mantentzeko kontsumoaren bidez. Sakelakoa edo hipoteka bezain erabaki libreak dira; azken finean, guk hautatzen ditugu, baina gizarte kapitalistak horiek gure gain hartzera behartzen gaitu.

Nolako drogak kontsumitzen dira herri mugimenduan?

Herri mugimenduan droga legal zein ilegalak kontsumitzen dira, gizartean egiten den moduan. Niretzat, ordea, eztabaida da zein kontsumo eredu nahi dugun herri mugimenduarentzat. Askotan esaten dugu jai eredu herrikoia dugula, baina gero eta zailagoa da azaltzea zertan den herrikoia edota alternatiboa. Beste era batera esanda, gure buruei zenbait galdera egin behar diogu: alkoholak izan behar du gure finantzazio iturri inportanteena? Zer droga onartzen ditugu gure esparruetan, eta nola helduko dira bertara? Droga ilegalen saltzaileak onartuko ditugu? Gure kontsumo eredua norentzat da mesedegarria, guretzat ala sistemarentzat? Zein izan daiteke herri mugimendurako kontsumo mesedegarria?

Bereizketa egin behar da droga legal eta ilegalen artean?

Derrigorrez. Ez du bereizketa morala izan behar, praktikoa baizik. Argi dago Euskal Herrian droga batzuek erro kultural handia dutela eta hori baliatzen dela ez kritikatzeko (alkohola, adibidez), baina droga batzuk legezkoak dira eta besteak legez kanpokoak. Horrek ondorio oso ezberdinak ditu ekoizpenean eta banaketan, zein erakartzen duten errepresioan. Ezin dira berdin landu. Ilegalizazioak behartzen gaitu.

Zenbateraino erabili izan da trafiko ilegala herri mugimenduen aurka egiteko?

Asko erabili da eta erabiliko da, ilegalizazioak tresna egokia bilakatzen baitu horretarako. Nire aburuz, oso kritikoak izan behar dugu drogen kontsumoarekin, baina aldi berean legezkoak izatea ere proposatu behar dugu. Horrek ilegalizazioak sortzen dituen arazo ugari konponduko du, baina ez gure harremanetan (sozialak, sexualak, generokoak...), militantzia ereduan eta osasunean eragiten dituenak. Horri heldu behar diogu.

Herri mugimenduetako ekintzaileak drogen inguruko eztabaida kolektibo bati ekiteko prest ikusten dituzu?

Oso gutxi, egia esanda. Nik zenbait urte eman dut gai honekin, eta ez dut aurrera pausurik sumatu.

 

ANOETAKO GAZTETXEAREN XIX. URTEURRENEKO EKITALDIAK.

Apirilak 27, ostirala

16:00 - 18:00. Maiatzaren 4ko Glaukoma taldearen kontzerturako sarrerak jarriko dira salgai. 

18:00. Drogen funtzioa gizarte kapitalistan hitzaldia Aitor Aspururen eskutik.

22:00. Txabela Bragas antzerki lana izango da ikusgai.

Apirilak 28, larunbata

19:00. Pornoa eta post pornoa tailerra.

Maiatzak 1, asteartea

19:00. Los martires de Chicago laburmetraia eta hausnarketa txokoa izango da.

Maiatzak 3, osteguna

21:00. Egungo musika eszenaren inguruko mahai ingurua.

Maiatzak 4, ostirala

23:00. Kontzertuak: Glaukoma eta Dabu Selektah taldeen eskutik gaztetxean.

Maiatzak 7, astelehena

18:00. Donbass eta Europar Batasuna hitzaldia.

Maiatzak 11, ostirala

18:00. EH Sozialista taldeko kideen eskutik 68ko maiatzari buruzko hitzaldia.

Maiatzak 12, larunbata

Egun osoz. Gaztetxearen XIX. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak izango dira egun osoan zehar.

Maiatzak 15, asteartea

19:00. Mahai ingurua egingo da gaztetxean Ongi etorri errefuxiatuak izenburupean.

Maiatzak 18, ostirala

18:00. Mikel Errazkin anoetarraren eskutik, 1936ko gerra eta lehen frankismo garaia Tolosaldean 1936-1945 izeneko hitzaldia egingo da gaztetxean.

Maiatzak 19, larunbata

Egunean zehar. Ume jolasak eta urtemuga amaitzeko gaztetxean balorazio afaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!