Hezitzaile bat ariko da Anoetan gaikako bilketaz informazioa ematen

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 17a, 10:58

Birziklatze tasa %75etik gorakoa izan arren urratsak eman eta gaikako bilketa sistemaren emaitzak hobetu nahi dituzte kanpainarekin, gaur egun, urtean biztanleko 60 kilo errefusa sortzen dituzte.

Oraindik ere birziklatze datuetan urratsak eman daitezkeela sinistuta jarri du Anoetako Udalak abian ekimena: hondakinak nola bereizi edo sailkatu ez dakienari laguntzeko hezitzaile bat ibiliko da herrian goizero, 11:30etik 14:00etara, zintzilikarioak jarrita dauden tokian. Pello Estanga alkatearen esanetan, «oraindik ere badago ezjakintasuna». Orain arte kartelak jarri dituzte herrian, postontzietan informazioa banatu dute eta sentsibilizazio kanpainak burutu dituzte, «baina jende bat bere egunerokotasunean bizi da eta kosta egiten zaio hondakinak bereiztea. Pertsona horiei laguntzeko egongo da hezitzailea eta herrian birziklatzeko dauden aukeren berri emango die».

Ekainean beteko dira bost urte atez ateko bilketa sistema jarri zutela Anoetan. Gaur egun, organikoa kuboetan jasotzen dute astean hirutan; errefusa astean behin biltzen da, eta iazko maiatzetik, edukiontziak dauzkate ontzi arinentzat eta paperarentzat, nahi adina aldiz erabili daitezkeenak. Tolosaldeko Mankomunitateak emandako datuen arabera hondakinen %72,28a biltzen da gaika, baina Estangak dio tasa hori oraindik ere altuagoa dela hondakin organikoaren parte handi bat konposta komunitarioetan biltzen delako. Herriko auzoetan banatutako 10 konpostagailu komunitario dituzte, horietako bakoitza 30 bat familientzako prestatutakoa. 200 familiek dute giltza eskatuta.

EKONOMIA ZIRKULARRA

Anoetan bildutako hondakin organikoaren «kalitate handia» nabarmendu du Estangak. Fraisoroko laborategian egindako azterketetan maila gorena eman du eta bertatik ateratako konposta ongarri bezala erabiltzen dute gero herri baratzetan. «Sinisten dugu ekonomia zirkularrean, eta ez da esan hutsa bakarrik», aipatu du alkateak. «Beste askok hitz politak eta ekonomia zirkularra erabiltzen dituzte ahotan, baina gero hondakin horiek guztiek erraustegian bukatzen dute».

Kezkaz hitz egin du inguruko herrietan edukiontzi marroietan biltzen den hondakin organikoaren kalitateaz. 2017an egindako karakterizazioetan Anoetan hondakin organikoaren %3a izan da inpropioa, baina kopuru hori %5etik gorakoa da eskualdeko beste hainbat herritan: «Behin hortik gora organikoa ez dute tratamendu plantetan onartzen eta errefusa bihurtzen da. Hortaz, zertan ari gara alde batetik birziklatze tasa hainbestekoa dela esaten, gero hondakinak behar bezala sailkatzen ez badira?».

Anoetan, alderantziz, jende gehiena kontzientziatuta dagoela uste du Estangak: «Guk gauzak beste modu batera egin daitezkeela uste dugu eta demostratu dugu posible dela. Planeta jaten ari gara eta hori ekidin nahi badugu ekintzekin erantzun behar dugu». Azken bost urteetan emandako pausoekin «gustura» agertu da alkatea, baina badaki herrian badagoela jendea gaia bost axola zaiona. «Badaude birziklatzen ez dakitenak, baina beste asko badaude, nahiz eta jakin, egin nahi ez dutenak». Horien aurkako neurri zigortzailerik aurreikusten duten galdetuta, atea zabalik eduki arren, Anoetan baliabiderik ez dutela erantzun du Estangak, Udaltzaingorik ez baitute herrian. «Hala ere, horretara iritsi aurretik urrats guztiak agortu nahi ditugu. Sentsibilizazio eta kontzientziazioan sakondu nahi dugu eta horretarako ibiliko da egunotan hezitzailea herrian».

Kanpaina honekin datuak hobetu nahi dituzte. Adibidez, 2017an Anoetako biztanle bakoitzak 60,64 kilo errefusa sortu zituen. Estanga konbentzituta dago kopuru hori Alegian edo Ikaztegietan duten mailara jaitsi daitekeela, bi herri horietan atez ateko sistema baitute eta urtean biztanleko 44 kilo errefusa sortzen baitituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!