Martxan da Anoetako jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa

Ataria 2018ko martxoaren 27a

Lanak aurkezteko epea apirilaren 20an amaituko da. Ikastolako ikasleek ikastolan aurkeztuko dituzte lanak, eta gainerakoek udaletxean edo liburutegian.

Kartela festetako egitarauaren liburuxkaren azala egiteko erabiliko da, beraz karratua izan beharko du eta gehienez neurri hauetakoa: 29,7 zm x 29,7 zm. Teknika librea erabili ahal izango da eta formatu digitalean ere aurkeztu ahal izango da JPG formatuan, gutxienez 300 ppi-ko erresoluzioarekin. Lan horren azalpen txiki bat aurkeztu beharko da eta testu batek agertu beharko du azalean: Anoetako jaiak 2018.

Epaimahaia parekidea izango da, Anoetako jai batzordeak osatuko du eta bere erabakia aldaezina izango da. Irizpide tekniko eta estetikoez gain, irizpide berdinzaleak ere kontuan hartuko ditu saria ebazteko orduan. Bi kartel hautatuko dituzte eta aurtengo festetako aldizkarian, bat azalean eta bestea barruko orrialdeetan joango da. Ebazpena apirilaren 27rako emango du epaimahaiak, beranduenez.

Bi sari egongo dira. Anoetako Herri Ikastolako ikasleentzat, herriko Kuku-Lore liburu dendan erosteko 40 euroko bonua eta gainerakoen artean banatuko da 120 euroko saria. Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat antolatuko du jai batzordeak. 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!