Pasahitza (zaharra)

«Kalean saltzea lan egitea da, ez luke delitua izan behar»

Iñigo Terradillos 2018ko martxoaren 22a

Sericne Gueye 25 urteko senagaldarra da. Anoetan bizi da azken bi urte eta erdian, eta 12 urte zituenetik Villabonan. Kale saltzailea ez den arren, ederki ezagutzen du euren eguneroko bizimodua.

Bere ustez, «kalean saltzea lana da, ez luke delitua izan behar». Kalean saltzera behartuta daudela dio, "«ez baitute beste ezer». «Oso gogorra da beste ezer izan ez, eta bizitza aurrera ateratzeko kalean saldu beharra duenari isunak jarri eta jazarpena jasatea», dio.

Kaleko saltzaileen eguneroko bizimoduaren atzean dagoen ikusten lagundu digu Anoetan bizi den senegaldarrak. Izan ere, berak argitzen duenez, «hona etortzean lan baimenik ez baduzu, hiru urte itxaron behar dituzu baimena eskatzeko lan kontratu bat eskuan duzula. Hori bai, bitartean etxea eta janaria ordaintzeko edo familiari bidaltzeko dirua behar duzu, eta kalean saltzera behartuta egoten dira».

Kalean saltzea delitua dela gogoratzen du Gueyek, eta zauden lekuaren arabera, gogorragoa izan daitekeela: «Euskal Herrian, agian, ez da beste lekuetan bezain gogorra; Madril eta Bartzelona bezalako hirietan zorrotzagoak baitira kale saltzaileekin, eta etengabeko jazarpena jasaten dute. Poliziak harrapatzen zaitu, material guztia kentzen dizute, dirua galtzen duzu, eta zerotik hasi behar duzu, berriro materiala erosiz». Horrek norbere egunerokoan dituen ondorioei, poliziaren isunak batu behar zaizkiola azaltzen du senegaldarrak. Eta, behin eta berriz zigorra ezarriz gero, lan eta egoitza baimena ukatzea ekar dezake.

«Oso gogorra» dela argi dio Gueyek, «baina, ez badute besterik, hori egitera behartuta daude. Lan egin nahi dute, baina, lan baimena izan arte ezin dute lanik topatu».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!