Dantzan, sokara lotuko dira bihar

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 16a, 15:21

Bihar, martxoak 17, Dantza Soka egingo dute Anoetan eta egun osoko egitaraua prestatu dute ekimenaz gozatzeko.

30 urtez etenda egon ondoren, 2003an berreskuratu zuten Dantza Sokaren tradizioa Anoetan. Geroztik etenik gabe egin izan da inauteri aurreko asteburuan, iaz arte. Alazne Ruiz Luluaga eguna antolatzeko batzordean ibili izan da azken urteetan eta data aldaketaren berri eman du: «Eguraldiak ez zuela laguntzen, azterketa garaia zela, Tolosako kaldereroekin bat egiten zuela... Data aitzakia izan ez dadin, aurten martxoaren 17an egitea erabaki dugu». Iaz hausnarketa hori egiten ari zirela antolatu gabe geratu zen eguna eta Ruiz Luluagaren ustez, «jendeak ez zuen bereziki faltan bota». Horregatik, saiakera berria egin eta aurten indar handiagoz berreskuratu nahi dute urteroko ohitura.

Biharko Dantza Sokan parte hartzeko 40 lagunek eman dute izena, neska eta mutil, 15 urtetik 50 urtera. «Parte hartzea txikitu baina adin tartea zabaldu da», esan du Ruiz Luluagak. Bere garaian ehun lagunetik gora aritzen zen egun horretan eta dantzak ikasteko entseguetara ere jende gehiago gerturatzen zen. Aurreskulari eta atzeskulariek, banakako dantzak egin eta soka gidatu behar dutenez, lan gehiago izan dute aurten. Ana Haranburu izango da aurreskularia eta Alain Luisa atzeskularia. Plazan, bihar 13:00etan egingo duten emanaldian bai batek eta bai besteak, agurra dantzatuko diete eurek aukeratutako pertsonari. Ondoren herritarrak lotuko dituzte dantza sokara.

Eragileen parte hartzea

Anoetarrentzat berezia den eguna da biharkoa. 08:30ean plazan bildu eta traktoreetan abiatuko dira baserrietara. Ruiz Luluagaren esanetan, «baserritarrek asko estimatzen dute gure bisita» eta Goi bailara eta Ergoien auzoak pasa ondoren plazara bilduko dira eguerdirako. Han egingo dute ekitaldi nagusia 13:00etan.

Dantza emanaldiaren ostean, Anoetako Sortuk eta Ernaik argazki jendetsua ateratzeko deia luzatu dute Altsasuko gazteekiko elkartasuna adierazteko. Gero bazkaritara joango dira Kuku elkartera, bertako bazkideek babarrun jatea prestatuko baitute parte hartzaileentzat. Bazkalostean Zimiterioan jarraituko du festak, erromeria izango baita eta Anoetako talogileek ere euren taloak salduko dituzte bertan.

Herritarrentzat berezia den data honek indarra hartzea espero du Ruiz Luluagak eta dei egiten die belaunaldi berriei, dantza sokan bezala lotu daitezen egun honen antolaketan. «Asko edo gutxi, parte hartzen dugunok, hori bai, ondo pasako dugu biharko egunean».

Ikusi egitarau osoa hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!