«Irria, kantua eta Euskal Herria izan ziren Estitxuren hiru ardatzak»

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 20a, 11:24

Gaur, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, 18:30ean eskainiko dute Estitxu Robles Arangiz abeslariaren inguruko dokumentala; hain justu, larunbatean beteko dira 25 urte 'Beskoitzeko urretxindorra' zendu zela. Franck Dolosor da dokumentalaren egilea.

Kazetari bezala ezaguna da Franck Dolosor (Senpere, 1977) eta aurretik Gernika Batailoia, askatasun itxaropena (1945-2015) dokumentala zuzendua du, besteak beste. Iazko azaroan ondu zuen Estitxu zenaren ingurukoa.

Non du sorburua lan honek?

Nik aspalditik nuen gogoan zerbait egin behar genuela Estitxuren inguruan, artista handia izan baitzen. Nik ez nuen ezagutu, egia esan, 1993an hil baitzen eta ni ondoren hasi bainintzen lanean. Baina bere familiako senide guztiak elkarrizketatzeko aukera izan dut, kantariak, musikariak, margolariak, dantzariak direlako eta ohartu nintzen Estitxu aipatzean erreakzio soka luzea sortzen zela beti. Bere diskoak ematen genituenean irratian eskerrak ematen zizkigun jendeak. Joan den martxoaren 8an, Baionan, kale bat eman zioten Estitxuri eta une honetan dena berpiztu zen. Baionako herriko etxean sekulako mezu pila jaso zituzten eta hor pentsatu genuen badela garaia Estitxuri bere tokia eman eta gure artista handi bati aitortza egiteko.

Nola aurkeztuko zenuke Estitxu?

Bizkaitarra zen, berez. Bilbon, Begoñan, sortu ziren anai-arreba nagusienak. Hamaika izan ziren denera eta 1937an, beste milaka euskaldun bezala, frankistengandik ihes egin behar izan zuten. Itsasontzira igo eta ihesaldian, Gipuzkoako kostalde parean zeudela tirokatu egin zituzten. Lortu zuten Frantziako estatura iristea eta han II. Mundu Gerra piztu zen garaitsu hartan. Anaia Ugutz, Bidarten sortu zen eta bi gazteenak, Iker eta Estitxu, Beskoitzen. Han bizi izan ziren denbora gehien. Han ikasi zituzten euskara, dantza, kantua... Estitxuk zortzi urte zituela itzuli ziren Bilbora eta joan-etorrian bizi izan ziren, lotura handiak mantenduz. Ez dok amairu taldea askotan aipatzen da baina Estitxuren anaiek pixka bat lehenago, 1958 inguruan, Bilbo erdaldunean euskaraz kantatzen jardun zuten Soroak taldean. Lau ahizpa nagusiek laukotea zuten, Ainarak izenekoa eta giro hori bizi izan zuen txikitatik Estitxuk.

Berehala nabarmendu al zen musika munduan?

Bai. Lehenik Atharratzen eman zuen kantaldi bat, Zuberoan, kristau gazteriaren biltzar batean. Harrigarria da aitzindaria izan zen, emanaldi hartan Haurtxoa sehaskan eta La bamba abestu baitzituen. 1964an izan zen hori eta handik lau urtera, Maulen, Eibarren eta Bilbon kantu txapelketetan parte hartzen hasi zen eta irabazi egin zituen. Estitxu, oroz gainetik, ahotsa zen. Eta ahotsarekin egiten zuen kantua eta baita musika ere. Teknika oso ona zuen eta horrekin bazekien jolasten eta jendea hunkitzen. Jendearen bihotzera sartu eta hor geratu zen, horregatik aipatzen dute oraindik ere hainbeste aldiz.

Ibilbide laburra izan zuen, hala ere.

20 urterekin hasi eta 40 urte pasatxotan utzi behar izan zuen gaixotasunagatik. Baina hogei urte horietan 15 disko grabatu zituen, kantu txapelketak irabazi bezain laster Ameriketara joan zen eta Venezuelan disko bat grabatu zuen, gaztelaniaz eta euskaraz, Mexikoko telebistetan agertu zen zenbait saiotan, baita Frantziakoetan ere. Eta bitartean Espainian zer? Zentsura. Bereziki zentsuratu zuten Estitxu, Manu Robles Arangiz, gerra piztu zenean EAJko diputatu izandakoaren eta ELA sindikatuaren sortzailearen alaba zelako.

Zer nolako errepertorioa landu zuen Estitxuk?

Niri gehien gustatzen zaidana da konplexurik ez zuela. «Egin eta ikusiko dugu gero, gustatu ala ez», hori zen bere filosofia. Karaktere handia zuen, biziki gogorra, nortasun handiko emakumea zen, baina irri asko egiten zuen. Dokumentalean ere aipatzen da: «Irria, kantua eta Euskal Herria» horiek izan ziren bere ardatz nagusiak. Bere errepertorio oso-osoa begiratuz gero, batasunik beharbada ez da ikusten, baina zergatik egin behar dira gauzak beti molde berean? Gauzak ikusi eta egokitu egin behar izaten dira eta hark hartzen zituen bakeroen pelikuletako musikak eta horiek euskaraz ematen zituen. Country eta jazz doinuak egin zituen eta gaztelaniaz ere kantu eder-ederrak baditu. Haur kantak ere egin zituen, Errege egunaren bezperan kantaldiak eman zituen Bilbon. Gernikako Estatuaren erreferendumaren aldeko musika ere egin zuen; Bilboko Aste Nagusian Estitxu gaualdiak egiten ziren eta ikaragarrizko giro ona sortzen zuen.

Nola osatu duzu zuk dokumentala?

Estitxuk laguntzen gaitu ikus-entzunezko osoan zehar. Artxibo batzuk galduta egon dira eta topatu ditugu Parisen, Bordelen, Okzitaniako Tolosan... Horiek gure ondarearen parte dira eta behar dira hona ekarri. Entzun eta ikusten dugu Estitxu irudi horietan. Eta gero lekukotasunak, bere familiak eta lagunek hitz egiten dute. Gehienbat pelikula euskaraz egin dugu, baina baditugu bi lekukotasun biziki indartsu gaztelaniaz: Mirentxu Purroy eta Felix Linares kazetarienak. Aitzindaria izan zen emakume gisa eta bere gisan ibilitako Maite Idirinen testigantza jaso dugu. Bakarrenetakoak izan ziren musika munduan, Lurdes Iriondorekin batera eta hitz ederrak egin ditu Maitek Estitxuri buruz.

Zer nolako harrera izan du pelikulak orain arte?

Oso ona. Jendeak gustura hartu du eta deika ari zaizkigu dokumentala euren herrian eskaintzeko. Gainera, Euskal Telebistaren lehen kateak, otsailaren 24an, larunbatean 21:00etan emango du dokumentala. Egun horretan beteko dira 25 urte Estitxu hil zela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!