Gaztelekua jartzeko lokala egokituko dute aurten Anoetan

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 17a, 08:50

Larunbatean, 11:00etan, herri batzarra egingo da udaletxean eta herritarrek lehen eskutik jaso ahal izango dute 2018ko aurrekontu proiektuaren berri

Iturburu kaleko babes ofizialeko etxebizitzen etxabean dauden lokalei zein erabilpen eman, parte hartze prozesu baten bitartez erabaki zuten anoetarrek. Alde batera, udal liburutegia, KZ gunea eta ikasgela egokitu zituzten 2015 bukaeran eta orain, bestaldera geratzen den espazioaren zati batean Gaztelekua atonduko dute. Anoetako Udalak aurtengo aurrekontuan inbertsioetarako gordetako 280.300 eurotatik puska handiena bideratuko du proiektura, 150.000 euro inguru.

Hori da, behintzat, udal gobernu taldeak duen asmoa eta prestatu duen aurrekontu egitasmoan jaso duena. Pello Estanga alkateak aipatu duenez, hil honetako osoko bilkuran onartu nahiko lukete, baina aurrez asmo nagusiak anoetarrei aurkeztu nahi dizkiete larunbateko herri batzarrean. «Harreman zuzena eta aberatsa daukagu herritarrekin eta urte osoan zehar azaldu zaizkigunekin eta entzundakoekin prestatu dugu aurrekontu proiektua. Esan daiteke herritarrekin batera egindakoa dela».

Iaz ere, aurrekontu egitasmoa aurkezteko batzarra egin zuten Anoetan eta gazte asko gerturatu zen bertara. Bizi duten problematika baten berri eman zuten orduan: etxebizitza falta. «Gaiari heltzeko konpromisoa hartu genuen eta orain da horretarako momentua», esan du Estangak. Udaletik kanpoko baliabideak kontratatuko dituzte etxebizitza gaiaren inguruan lanketa egin eta aurrera begira har daitezkeen neurriak aztertzeko. «Gaur egun 35 etxebizitza huts daude Anoetan eta horiei errekargua kobratzen zaie; bestalde badago gazte multzo bat etxebizitza beharrean dagoena. Hori guztia ondo neurtu nahi dugu, udaletik nola eragin dezakegun erabakitzeko». 15.000 euro gordeko dituzte lanketa hori egiteko.

ETORKIZUNA MARRAZTEN

Gazteria eta etxebizitzen egoera ardatzetako bat du Anoetako udal gobernu taldeak. «Errealitatea zein den jakin eta hortik abiatuta zenbakiak egiteko garaian, gaur edo bihar, zer nolako herria nahi dugun irudikatzen dugu». Argi adierazi du Estangak zein baloreetatik abiatzen diren Anoeta herri bizia bihurtzeko: «Balore zibikoetan oinarritutako herri bat nahi dugu, inklusiboa eta parekidea; ingurumena, lehen sektorea eta elikadura kontuan hartuko dituena eta euskara, kultura eta hezkuntza inguruan ardaztuko dena, beti ere, herritarren arteko komunikazioa bultzatuz». Norabide horretan, gizarte zerbitzuei eskainitako partidak edo euskara eta kulturaren arlokoek gehikuntza izan dutela nabarmendu du Anoetako alkateak.

Dagoen diru kopuruarekin moldatu behar izaten dute, ordea. Aurten, orotara, 2.249.216 euroko aurrekontua izango du Anoetako Udalak, «iaz baino kopuru handiagoa da, nagusiki, foru funtsetik diru gehiago bideratu zaigulako», azaldu du Estangak. Horri eskerrak, 2017an baino 100.000 euro gehiago bideratu ahal izango dituzten inbertsioetara. Epe motzera egingo dituztenak zerrendatu dituzte, baina martxoan, iazko kontuen kitapena egin ondoren, gerakinarekin egin asmo dituztenen berri emango dute larunbateko batzarrean. Horiek epe ertain-luzekoak bezala izendatu dituzte: erabilera anitzeko gela egokitzea, Leku-Eder botatzea, Idiakaitz auzoko borda bota eta bere lur saila erostea, industrialdean brea lanak egitea...

Aurten, epe motzera, gaztelekua egokitzeaz gainera, hilerrian, Edurka pabiloian eta Mikelasagasti auditorioan egokitzapenak egingo dituzte eta kiroldegian plaka fotoboltaikoak jarriko dituzte, autokontsumorako. Bestalde, ikastola konfiantzaren pedagogiara egokitzeko egingo dituzten lanak ere lagunduko ditu udalak, parte batean behintzat (%33an). Hurrengo urteetarako inbertsioen artean sartuko dira obra horiek eta aurten 27.000 euro gordeko dira lanak abiatzeko.

Amaitzeko, anbulatorio ondoko lur sailean, aparkaleku estaliak egiteko proiektua dago. Guztira, 46 izango dira, eta dagoeneko 35 herritarrek interesa agertu dutenez, aurreproiektua idazteko 15.000 euro bideratuko dira aurten. 17 metro koadro inguruko garajeak izango dira eta 23.000 euro inguruan salduko direla aurreikusi du udalak.

EPE MOTZERAKO INBERTSIOAK

  • Gaztelekua 153.303 euro
  • Ikastolako obrak 27.000 euro
  • Hilerria 25.000 euro
  • Kiroldegia 20.000 euro
  • Edurkan suteen aurkako obrak 15.000 euro
  • Garajeetako proiektua 15.000 euro
  • Auditorioa 10.000 euro

2,2 MILIOI EUROKO AURREKONTUA IZANGO DU ANOETAKO UDALAK

Sarrerak

  • Zuzeneko zergak: 487.000
  • Zeharkako zergak: 20.000
  • Tasak: 298.250
  • Transferentzia arruntak: 1.427.663
  • Ondarezko sarrerak: 14.450
  • Ondare salmenta: 1.853
Gastuak
  • Pertsonal gastuak: 689.937
  • Zerbitzu eta ondasun arrunten erosketa: 746.240
  • Finantza-gastuak: 1.100
  • Transferentzi arruntak: 357.636
  • Inbertsio errealak: 280.303
  • Finantza pasiboak: 174.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!