Tantoa izan edo ez izan, hor frontisa

Asier Imaz 2017ko abe. 17a, 10:56

Behin baino gehiagotan Munduko, Europako, Espainiako, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapeldun gelditu den pilotari bati historia egin duela esaten diozunean, hitzak ondo neurtzea komeni izaten da. «Historia? Zergatik?», erantzuten dizu. «Berriki, lehen aldiz jokatu den lau t'erdiko esku pilota txapelketan parte hartu duzulako; txapeldunorde geratuz». Ez da okerra, baina ez da zuzena.

Ikus Maider Mendizabalen palmaresa, amaieran. Argiago bere hitzetan: «Kazetari batzuk pozik egongo dira, behintzat. Urtea joan urtea etorri galdera bera: 'Noizko emakumeak esku pilotan?' Eta zergatik ez zesta puntan? Niri pilota gustatzen zait, jokamolde guztietan. Eskuzko txapelketa jarri dutela martxan? Bikain, atera egingo naiz. Baina hortik emakumeen arteko lehen partida izan dela esatera edo irudikatzera. Gauzak ez dira horrela. Orain arte zer demontretan aritu gara?».

Maider Mendizabal 1977. urtean jaio zen Anoetan. Zazpi urterekin hasi zen pilotan, Jeremias Perezek herrian pilota eskola sortu zuenean: «Ama! Pilota eskolan hasiko naiz, astean bi aldiz. Aio!». Gutxi gorabehera horrela iragarriko zuen Mendizabalek etxean bere kirol berria. Ondoren, futbola, eskia, tenisa… etorriko ziren, eta guztietan lehiatzera iritsi zen. «Kirolean ikusiz ikasi izan dut. Inoiz ez dut entrenatzailerik izan. Bai, Jeremiasek oinarrizko gauzak erakutsi zizkigun, baina segidan hasi ginen gure kabuz pilotan. Denerako autodidakta hutsa izan naiz», dio Maider Mendizabalek.

Eskuz, Anoetako Kuku Elkartearen izenean jokatu zuen Maider Mendizabalek. Bidean, ordea, Tolosako San Esteban gurutzatu zitzaion: «Garai hartan Gipuzkoako Txapelketa pilota elkarteen artekoa izaten zen; taldekakoa. Infantilak, kadeteak eta jubenilak. Ramon Egiguren etorri zitzaigun San Esteban Elkartearen izenean atera nahi ote genuen galdezka. Aitor Landa eta biok elkarrekin ibili ginen bi urtez han eta hemen bikotea osatuz. Alkizako I. Pilota Txapelketa ere irabazi genuen».

15 urterekin, ordea, esku pilota uzteko erabaki hartu zuen Mendizabalek: «Popatik hartzera! esan nuen. Mutilekin ezin nuen. Atzelaria nintzen, eta nik lautik ezin nuen pasa pilota. Teknikoki askoz txarragoak ziren pilotariak, ordea, bere bi ilez osatutako bibotetxoarekin bostera iristen ziren. Desesperatu egin nintzen. Ona nintzen, eh! Baina atzean jokatzeko eman egin behar diozu, eta ez badiozu ematen, zer ari zara tontoarena egiten? Txarrago batek irabazten dizunean, mutila delako eta indar gehiago duelako bakarrik, hori barneratzea gogorra egiten da». Anoetarraren ibilbidean ikusiko den bezala, krisi bakoitzak bere zergatia dauka: «Otero zen orduan gure arduraduna, eta ez zitzaion erabakia gustatu. Bera pilotari profesionala zen garai hartan, eta Altzoko Olanotar batekin Bilbora jokatzera zihoala, nire kasua aipatu zion. Hark gomazko paletaren aukera aipatu zion». Maider Mendizabalek esku pilota besterik ez zuen ezagutzen, «neskak pilotan existitzen zirenik ere ez nekien. Mutilen artean beti ni izaten nintzen neska bakarra».

Mundu berri bat zabaldu zitzaion aurrean anoetarrari. «Eurekin harremanetan jarri eta Intxaurrondora joateko esan zidaten, han entrenatzen zutela. Kostata aurkitu nuen frontoi edo zulo hura. Nire adineko bat edo bi gehiago egongo ziren, beste guztiak 25etik goragokoak ziren. Normala den bezala nire adinekoekin jarri zidaten, baina hain ziren txarrak… Zertan nabil ni hemen denbora alferrik galtzen? esan nion neure buruari. Txapelketetan nirekin kontatzeko esan nien, baina Anoetan entrenatuko nuela nire kabuz». Lehian hasi orduko, gizon baten deia jaso zuen Mendizabalek, Argentinan jokatzekoa zen 22 urte azpikoen Munduko Txapelketa batez hitz egiten. Froga batzuk egin behar zituztela selekzioa osatzeko eta abar. «Nire kirol ibilbidean ez dut inoiz lesiorik izan, azken urte hauek arte. Baina justu, orduan, bihurritu batekin nengoen», gogoratzen du anoetarrak. «Joan egin behar dut, joan egin behar dut» besterik ez zion esaten bere buruari Mendizabalek. Eta horrela egin zuen. Lesioak lesio, proba egitera joan zen, eta aukeratuen artean sartu zuen hautatzaileak. Horrela pasa zen pilota uztear egotetik Munduko Txapelketa jokatzera.

1993. urtean 22 urtez azpikoa Buenos Airesen; 1994an absolutua Donibane Lohitzunen; 1997an 22 urtez azpikoa Arnedon eta urte berean I. Munduko Kopa Baionan. Guztietan brontzezko domina lortu zuen anoetarrak. «Duela hiru urtera arte, munduko txapelketa edo kopak trinketak jokatzen ziren. Gu hemen beti frontoian ibiltzen gara, eta pilota mazizoarekin; gomazko paleta deitzen zaion modalitatean. Mundu mailako txapelketa horietan, ordea, gomazko paleta argentinarrera jokatzen da. Paletak 200 gramo gutxiago ditu, eta pilota fronteniseko pilota txiki bat da, barruan gasa izaten duena, bizi-bizia eta izugarrizko botea egiten duena. Ez dago konparatzerik. Ideia bat egiteko: hondartzako futbola eta zelai handiko futbola bezala dira. Baina beti esan dudana, ibili gabe aurkariei aurre egiteko gai baginen, zergatik ez irabazi». Eta urrezko domina hori 1998an iritsi zen, Mexikon.

Ordezko izateaz nazkatuta

18 urterekin Maider Mendizabal Gasteizera joan zen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (IVEF) ikastera. Bertan zen beraz absolutu mailako Munduko Txapelketa iritsi zenean. Selekzioa osatu aurretik, zuzendari teknikoak «ipurdi ederrak bota dituzu» esan zion. Ez zen bakarra izan, «mundu guztiak esaten zidan, eta ni sutan jartzen nintzen», gogoratzen du Mendizabalek. «3 edo 4 kilo hartu nituen, baina behi bat bezala ez nengoen. Zuzendari teknikoari izugarriak esan nizkion: 'Ados, galduko ditut kilo horiek, baina berriro ordezko bezala jartzen baldin banauzue, agur, ni banoa'. Nazkatuta nengoen. Mundu guztiak esaten zidan ea zergatik ez nuen jokatzen, noiz jokatu behar nuen eta abar. Nik hautatzailearekin hitz egiteko esaten nien. Eta gero kiloen kontua. Zertarako galdu, ordezko izaten jarraitzeko?».

Selekzioa beti bezala lau pilotarirekin osatu zuen hautatzaileak. Betiko biak horiek ziren: Maite Ruiz de Larramendi eta Susana Muneta nafarrak. «Hauek beti elkarrekin jokatzen zuten, eta partida garrantzitsu guztietan bagenekien: Maite atzean, Susana aurrean. Baina ligaxkako partidan, argentinarren aurka, nik jokatu nuen Maiterekin. Izugarrizko emozioa sentitu nuen. Aurkari gogorrak ziren, baina nire ordua zen. Eta izugarrizkoa egin nuen. Izugarrizko kaka lana. Nire burua gehiegi presionatu nuen, eta lur jota geratu nintzen. Neure burua horrenbeste aldarrikatu ondoren, aukera bat eman eta hanka sartu. Lotsatuta nengoen». Baina txapelketa guztietan izaten da partida txar bat, eta hori ahalik eta azkarren pasatzea, hobe. Hori esan zion hautatzaileak, eta Mendizabalekin kontatzen jarraitu zuen. Finalerdietan mexikarren aurka tokatu zitzaien, eta orduan, bai, orduan «super partida» egin zuen anoetarrak. «Maitek oso partida txarra jokatu zuen. Trinketean lekua hartzea ezinbestekoa da, eta bera erabat galduta zegoen. Hautatzaileari lekutik atera eta jokoan gehiago sartuko nintzela esan nion, arriskatu beharra zegoela. Dena ondo atera zitzaidan», dio munduko txapeldunak. Azkenik, finalean, Ipar Euskal Herriko ordezkarien aurka jokatu zuten, eta Maite Ruiz de Larramendiren laguntzaz, Maider Mendizabalek bere lehen urrea lortu zuen.

Aurrelari izateaz nazkatuta

Ikasketak amaitu eta berehala Gipuzkoako Pilota Federaziotik deitu zioten Maider Mendizabali; 2000. urtea zen. Eskola Kirola eta Teknifikazio Zentroa bezalako proiektuak aurrera ateratzen ari zen anoetarra. Villabonan eta Ataunen ere entrenatzaile bezala zebilen, pilota eskoletan. 2004an, aldiz, Emakume Pilotari proiektua jarri zuten martxan. Ondoren, ordea, krisia etorri zen, eta 2013an federazioa utzi beharrean suertatu zen. Bien bitartean palmaresa gizenduz zihoan Mendizabal, eurek sortutako Anoetako Su Berri Pilota Elkartearen izenean lehiatuz. Tartean, 2002ko Munduko Txapelketan lortutako zilarra aipatu behar da. Metalaren balioagatik, baino, Iruñean gertatutakoagatik, bertan jokatu baitzen trinketa txapelketa.

«Nik trinketean aurrean jokatzen nuen, baina berez atzelaria naiz», hasten du orduko kontaketa Maider Mendizabalek. «Nire sena atzelari sena da. Eta puntu batera iristen zarenean, zure maila hobetu nahi baldin baduzu sena oso garrantzitsua da. Sabaia jo nuela jabetu nintzen; aurrean ezin nuela gehiago hobetu. Ernegatu egin nintzen. Entrenamenduak ere desastre ateratzen zitzaizkidan. Txapelketa hasi zen eta lehen partidan Maite eta Susana jarri zituen hautatzaileak. Nola ez. Argentinarren aurka ari ziren jokatzen, eta partida galduta zegoen, 26-19 edo. Azken tantoetan Maiteri pilotarekin jo zioten bete-betean, eta ziplo erori zen nafarra. Onartu beharra daukat gaizki egin nuela. Atzean, Maiteren lekuan, nik jokatu nahi nuela esan nion hautatzaileari; atera egin nahi nuela. Gaizki egin nuen beste ordezkoa atzelaria zelako, eta berez, berak jokatu behar zuelako. Berak ez zuen ezer esan, baina badakit ez zuela ondo hartu. Gerora konpondu dudan zerbait izan da».

Atzean jokatzeko grinari, beste arrazoi bat gehitu zitzaion Ruiz de Larramendiren lekua eskatzeko. Honela jarraitzen du anoetarrak: «Argentinako atzelaria berria zen, eta oso ona. Bi esku bikainak zituen, eta trinketean ederki moldatzen zen. Nola ez moldatu, bere etxean trinketa eta guzti baldin bazuen. Nik norbait oso ona ikusten baldin badut, haren aurka jokatu nahi izaten dut. Oraingo gazteen jarrera aurkakoa dela esango nuke; atzera bezala egiten dutela. Hobea bada ea zenbat tanto sartzen dizkiozun pentsatu behar duzu; faboritoa bera da, beraz, kendu presioa zure buruari». Atzean jokatu zuen lehen aldia izateko, gustura geratu zen bere buruarekin Mendizabal. Partida galdu egin zuten, baina atzean ondo jokatzeko gai zela erakutsi zuen. Maite Ruiz de Larrinagaren lesioak jarraipena eman zion postu horretan, eta finalerdietan berriro Argentina tokatu zitzaien. Oraingoan 0-0 hasi zen partida anoetarrarentzat, eta 30-15 amaitu. Beste final bat jokatzeko garaia zen, eta oraingoan, atzelari bezala.

Finalean gertatua, hori bai historia. Maider Mendizabal, honela hasten da sutzen: «Ipar Euskal Herrikoak izan ziren gure aurkariak. 21-12 aurreratu zitzaizkigun. Baina jokoan ez zegoen alderik, tantoa amaitzerakoan guri ez zitzaigun ezer ateratzen, eta beraiei dena. Horrek, beraz, amaitu egin beharra zeukan. Hutsarte baten ondoren, 23na jarri ginen, eta hortik aurrera gu beti aurretik, tanto bat edo biko aldeaz. 29-28ra iritsi ginen horrela. Azken sakea atera eta… horren famatu egin zena gertatu zen; irudiak eta guzti daudela uste dut». Hego Euskal Herrikoei tanto bakarra geratzen zitzaien txapela irabazteko. Ipar Euskal Herriko aurrelariak jokoan zegoela, gerrikoa lurrera bota zuen, traba egiten ziolako. Gerrikoa kantxaren erdian geratu zen, eta bi aurrelariak gainetik ibili ziren jauzika, estropezu ez egiteko. Maider Mendizabal, honela hasten da lehertzen: «Jokaldi batean bi pareta egin nuen, eta sarera zihoan pilota. Gero inork ez genion begiratu, baina bai, barrurako bidea zuen. Hori gertatu izan balitz, tantoa eta txapelketa guretzat izango zen. Kontua da, bitarte horretan, Susanak palarekin gerrikoa iskin batera mugitu zuela, ez gehiago molestatzeko. Epailea jokoa mozten entzun genuen, orduan. Denok uste genuen behingoz konturatu zela gerrikoa traba egiten zegoela, eta tantoa errepikatu behar zela. Normaltasunez hartu genuen denok erabakia. Susana sakea ateratzera joan zen, eta aurkariak errestorako prestatu ziren. Baina epaileak bat-batean pilota eskatu zion nire aurrelariari. Sakea besteek atera behar zutela esan zigun, tantoa beraiek egin zutelako. Izugarrizko eskandalua sortu zen trinketean. 1.200 ikusle denak oihuka eta txistuka, 'eskuak gora, hau lapurreta da!' esanaz. Epaileak ez zigun inolako arrazoirik ematen, eta izugarrizkoak esan nizkion. Normalean epaileei ez diet ezer esaten, baina inolako azalpenik ez ematean, sutan jarri nintzen. Partida 10 minutuz geldituta egon zen. Lehertuko zela zirudien. Guk gehiago ez genuela jokatuko. Baina, azkenean jokatzea erabaki genuen, justu egindakoari buelta emateko».

Gerrikoa, pala bezala, pilotariaren parte da. Pala lurrera eroriz gero, aurkariak pala aldentzen baldin badu, tantoa besteentzat izango dela dio araudiak. Egia da, aldi berean, zintaren inguruan ez duela ezer esaten. Azkenean, urrearen balioa zuen gerriko madarikatuaren partida, 30-29 galdu zuten Muneta-Mendizabalek.

Pilotaz ezin nazkatu

Selekzioko arduradunez nazkatuta jartzea ere egokia litzateke. 2012an Iruñean Munduko Kopa jokatu zen. 10 egun lehenago Maider Mendizabal eta Maite Ruiz de Larrinaga kaleratuak izatekotan egon ziren. Hori lortu ez zutenean, txapelketan zehar baztertuak izan ziren: «Entrenamendu ia guztietan guk irabazten genuen arren, arlo fisikoan eta dietan batere esfortzurik ez genuela egiten leporatu ziguten. Umilgarria izan zen». Hor amaitu zuen harremana trinketeko arduradunekin Mendizabalek.

2014ean, ordea, krisiak berriro beste irtenbide bat izan zuen. Lehen aldiz, Munduko Txapelketa bat trinketetik frontoira atera zuten. Gomazko paleta argentinarra izaten jarraitzen zuen, baina 30 metroko pilotaleku laburrean. Modalitate berriak jende berria ekarri zuen, eta pilotarien beharra: «Viejas, gordas y fisicamente mal-ei deitzea erabaki zuten». Mendizabalek berriro ateak zabaldu zizkion selekzioari. Pilotak zilarrezko dominarekin saritu zuen anoetarra. Baina urrezkoa izan ez zenez... «Mexikarren kontra jokatu genuen finala. Haiek etxean zeuden, 3.000 metrotara jokatzen ohituta. Egia esan, erraz irabazi ziguten, baina 2018an Bartzelonan tokatzen da, eta hor altuera ez da arazoa izango. Nik uste irabaztea daukagula», dio Mendizabalek labana ezpainetan.

Ibilbide oso bat borobiltzeko lorpen polita litzateke. Baina, behin baino gehiagotan Munduko, Europako, Espainiako, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapeldun izan den pilotari anoetarrari erretiroaz hitz egiten dionak, ez daki ongi norekin ari den hizketan.

 

PALMARESA

NAZIO ARTEKO MAILA

1993. 22 urtez azpikoen Trinketeko Munduko Txapelketa. Buenos Aires. Brontzezko domina.

1994. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Donibane Lohitzunen. Brontzezko domina.

1997. Maiatza. 22 urtez azpikoen Trinketeko Munduko Txapelketa Arnedon. Brontzezko domina.

1997. Iraila. I.Trinketeko Munduko Kopa Baionan. Brontzezko domina.

1998. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Mexikon. Urrezko domina.

1999. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko I. Opena Baionan. Urrezko domina.

2000. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko II. Opena Parisen. Urrezko domina.

2000. II.Trinketeko Munduko Kopa Baiona. Urrezko domina.

2001. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko III. Opena Parisen. Urrezko domina.

2002. Martxoa. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko IV. Opena Parisen. Brontzezko domina.

2002. Apirila. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko V. Opena Senperen. Zilarrezko domina.

2002. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Iruñean. Zilarrezko domina.

2003. Euskal Pilotako Nazioarteko Trinketeko VI. Opena Parisen. Brontzezko domina.

2004. II.Trinketeko Munduko Kopa Baionan. Urrezko domina.

2006. Euskal Pilotako Munduko Txapelketa Absolutua Mexikon. Zilarrezko domina.

2007. Nazio Arteko Sari Nagusia. Iruñeko Irekia. Zilarrezko domina.

2008. IV. Trinketeko Munduko Kopa Kuban. Urrezko domina.

2012. Trinketeko Munduko Kopa Iruñean. Zilarrezko domina.

2014. Munduko Txapelketa Tolucan (Mexiko). Zilarrezko domina. Lehen aldiz 30 metroko frontoian jokatu zuten.

EUROPA MAILAN

2002. Europako Trinketa Txapelketa Absolutua. Urrea. (Datu hau ez da ziurra).

2004. Europako Trinketa Txapelketa Absolutua Mendillorrin. Txapeldunordea.

2008. Europako Trinketa Txapelketa Absolutua Irunen. 4. postua.

2009-2014. Zehaztugabeko datuak.

2015. Europako Txapelketa Absolutua 30 metrotan, Villa de Don Fadriquen (Toledo). Urrea.

2017. Europako Txapelketa Absolutua 30 metrotan, Palentzian. Txapeldunordea.

ESPAINIAKO TXAPELKETAK

1993. Txapeldunordea.

1994. Txapelduna.

1996. Txapeldunordea.

1997. Txapeldunordea.

1998. Txapeldunordea.

1999. Txapeldunordea.

2000. Txapeldunordea.

2001. Txapelduna.

2002.:Txapelduna.

2003. Txapelduna.

2004. Txapelduna.

2005. Hirugarren postua.

2006. Txapelduna.

2007. Espainiako Kopan txapeldunordea.

2008. Espainiako Irekia. Txapelduna.

2008. Espainiako Sari Nagusia. Txapelduna.

2011. Txapeldunordea.

2012. Txapeldunordea.

2014. Txapeldunordea.

2015. Lehen aldiz 30 metroko frontoian jokatutako Espainiako Txapelketan, txapelduna.

2017. Frontballean txapelduna, Iruñean. 30 metrotan bezala.

EUSKAL HERRIKO TXAPELKETAK

1992/93. Trinketeko txapelketan txapelduna.

1993/94. Ezker hormako txapelduna. Trinketeko txapelduna.

1999/2000. Ezker hormako txapelketan txapeldunordea. Trinketeko txapelketan txapelduna.

2000/01. Ezker hormako txapelketan 4. postua. Trinketeko txapelketan txapeldunordea.

2001/02. Trinketeko eta ezker hormako txapelketetan txapelduna.

2004/03. Ezker hormako txapelketan txapelduna.

2004/05. Ezker hormako txapelketan txapelduna.

2005/06. Ezker hormako txapelketan txapelduna. Trinketeko txapelketan txapelduna.

2006/07. Ezker hormako txapelketan txapelduna. Trinketeko txapelketan txapelduna.

2007/08. Ezker hormako txapelketan txapelduna.

2008/09. Ezker hormako txapeldunordea.

2011/12. Ezker hormako txapelketan txapelduna.

2012/13. Elkarteen arteko txapelduna. Emakumeen Euskal Herriko Irekian txapelduna.

2014/15. Elkarteen arteko txapelduna.

2017. Eskuzko Emakume Master Cup txapeldunordea.

2017. Eskuzko Lau t'erdiko Emakume Master Cup, txapeldunordea.

GIPUZKOAKO TXAPELKETAK

2000/01. Ezker hormako eta trinketeko txapelduna.

2001/02. Ezker hormako txapeldunordea. Trinketeko txapelduna.

2002/03. Trinketeko txapelduna.

2003/04. Ezker hormako eta trinketeko txapelduna.

2004/05. Ezker hormako eta trinketeko txapelduna.

2005/06. Ezker hormako eta trinketeko txapelduna.

2006/07. Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketan txapelduna. Trinketako 1. mailako Emakumea Pilotari Txapelketan txapeldunordea. Istripuaren ondorioz ezin izan zuen finala jokatu.

2007/08. Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketan txapelduna. Elkarteen Arteko Ezker Hormako txapelduna. Elkarteen arteko txapelduna trinketean. Trinketako 1. mailako Emakumea Pilotari Txapelketan txapeldunordea.

2008/09. Elkarteen Arteko Ezker Hormako Gipuzkoako txapelduna.

2009/10. Emakumea Pilotari Ezker Hormako txapelduna.

2010/11. Emakumea Pilotari txapelduna. Trinketan txapeldunordea.

2011/12. Ezker hormako eta Emakumea Pilotariko txapelduna. Trinketan txapeldunordea.

2012/13. Ezker hormako eta Emakumea Pilotariko txapelduna.

2013/14. Emakumea Pilotariko txapelduna. Emakumea Pilotari trinketan, txapeldunordea.

2014/15. Ezker hormako eta Emakumea Pilotariko txapelduna.

2016/17. Ezker hormako txapeldunordea. Emakumea Pilotariko txapelduna.

2017. Ezker hormako txapelduna.

IPARRALDEKO TRINKETA TXAPELKETAK

2004/05. 8. postua.

2005/06. 5. postua.

2006/07. 3. postua.

2007/08. 4. postua.

2010/11. Txapeldunordea.

2011/12. Txapelduna.

ELITE MAILAKO TXAPELKETAK

2007/08. Emakumezkoen Ezker Hormako DV Txapelketan txapeldunak. Emakumezkoen Trinketeko DV Txapelketan txapeldunordeak.

2009/10. Kutxa Saria trinketan hirugarren.

2010/11. Kutxa Saria Ezker Horma, hirugarren. Trinketan ere hirugarren.

2011/12. Kutxa Saria Ezker Horma, hirugarren. Trinketan, txapeldunorde.

2012/13. Napar Pala Ezker Horma Torneoa, hirugarren. Pelotadena Saria, txapelduna.

2016/17. Etxarriko Gure Pilota txapelketa, txapelduna. Euskal Herriko Elite Txapelketa, txapeldunordea.

GRAVN TXAPELKETAK

2005/06. Ezker horman txapelduna.

2006/07. Ezker horman txapeldunordea.

2007/08. Ezker horman txapelduna.

2011. Ezker horman txapelduna.

2012. Ezker horman txapelduna.

2013. Ezker horman txapelduna.

2014. Ezker horman txapelduna.

2015. Ezker horman txapelduna.

2017. Ezker horman txapelduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!