Esku-huskaren garaia heldu da

IƱigo Otaegi 2017ko abe. 14a, 09:37

Epailerik onenak pilotariak omen dira, haiek baitakite ondoen, pilotak zintzea jo duen, arrastoa gainditu duen, edo aurkariak bigarren punpan jaso duen. Epailerik gabe ordea pilota partidarik ez. 

Epaileak ezinbesteko figurak dira kirolean. Ordea, inguratzen gaituzten modalitate andanatan, teknologia epaileen jardunaren gainetik jartzen da; tenisean, besteak beste. Orain bi aste pasatxo jokatu zen lau t’erdiko finalean, jujeen lanak asaldura eragin zuen zaletuen artean. Horren haritik, askok egin duten teknologiaren premiaren aldarrikapenaz eta epailearen lanaz gogoeta egin du, Egoitz Jauregi (Anoeta, 1991) juje profesionalak.

Sofatik erraza da epaile izaten

Kintzerik eztabaidatuena, markagailua 18na zegoenean jazo zen. Urrutikoetxearen pilotakadak Altuna jo zuen, eta araudiak dioen gisan, jokaldia bertan behera utzi ordez, epaileek ez zuten ezer adierazi.

Egoitz Jauregi pilota epaileak argi dio, «abiadura horretan oso zaila da erabakiak hartzen, gainera, aurreko epailearen kokalekua ez zen batere aproposa, pilotaren norabide aldaketaz ohartzeko». Halere, onartzen du, pilota goitik beherako norabidean zihoala, eta buelta eman beharko litzatekeela.

Esatariek maiz, lau ikuspegi ezberdinetako irudiak behar izaten dituzte ondorio batera iristeko. «Pentsa nolako trantzea den epaileontzat, behin soilik ikusitako eszena baten interpretazioaren berri ematea, atzetik zaletuak marmarka ditugula», azaldu du Jauregik, xehe-xehe.

Funtsean, epaile onenak pilotariak direla dio Jauregik, beraiek baitakite ondoen, pilotak zintzea jo duen, arrastoa gainditu duen, edo aurkariak bigarren punpan jaso duen.

Pilotarien itzalean

Pilotalekuan izandako pasarte txarrez hausnartzen hasita, zerrendatxo bat osatu du anoetarrak. «Behartuta gaude oihu eta tankerakoak aditzera, baina, hanka denok sartzen dugu, eta epaileok hartzen ditugun erabakiak, asmo onez hartzen ditugu». Inor gutxi jartzen da epailearen larruan, eta pilotarien portaera zentzu horretan, Jauregik dio «eskertzekoa» dela; beroaldiren bat edo beste salbu, polemika bigarren mailan uzten omen dute.

Pilotaririk gabe ez dago ikuskizunik, epailerik gabe ere ez, ordea. Kirol erregeetan, epaileak kritika onik gutxitan jasoko badu ere, ekonomikoki jasotzen duten ordaina askozaz ere handiagoa da, esku pilotakoen aldean baino. Jauregiren hitzen arabera, ekonomikoki epaile gisa inork ezin du bizimodua atera. Gainera, ofizio ez dela kontuan hartuta, beste lanpostuarekin uztartzera derrigortuta daude, eta baldintzak zailak dira zinez. Asteburutan aisialdirako tarterik ez dute izaten, ostiral, larunbat eta igandetan izaten dituzte eta partidak. Profesionalen jaialdiei dagokienez, frontoira lehenago azaldu behar, eta etxeratzerako, iluntzeko 21:00ak. Jauregik dio «hor gaudenoi asko gustatzen zaigu pilota, eta gainerako faktoreek indarra galtzen dute».

Trinketean asmatzea, errazago

Anoetarra esku pilotan soilik ez, trinketean eta palan ere aritzen da inork gutxik nahi dituen zereginetan. Arrisku gehiago hartu arren, askozaz ere samurragoa omen da kintzea norentzako den igartzea. «Pilotariekin batera sartzen gara frontoian, eta mugimenduan gabiltza uneoro, ahalik eta ikuspegi aproposena lortzeko asmoarekin», adierazi du Jauregik. Gainera, kontrakantxan egonda baino, bat gehiago sentitzen omen da bat trinketean; gozatua alde ederrekoa dela dio anoetarrak.

Esku pilotako profesionalen partiden estutasunak ere ez du gehiegi laguntzen. «Lan nekeza da, tentu handiz begiradarik apartatu gabe jardun behar duzu 22ra iritsi arte» azaldu du anoetarrak. Aldiz, gaztetxoen pilota norgehiagoketan edo beste modalitate batzuetan, patxadaz egiten omen da lan, partidaz gozatzeko paradarekin.

Monitorea ote soluzio?

Lau t’erdiko txapelak amezketarraren belarriak laztantzen zituen bitartean, batzuk haserreak eraginda edo, alternatiben gainean hausnartzeari ekin zioten. Dezenteko sona hartu du horietako batek, eta ez da oraingo kontua, aspaditxotik dator. Telebistako set-etik metro gutxira dagoen mahaiko epaileak, monitore bat izan dezan proposatzen da, aurreko jujeak nahastuz gero, polemikak ekiditeko.

Gainera, esku-huskaren kasuan, erabakia berehalakoa izango litzateke, tenisaren edota saskibaloiaren antzeko. Epaile anoetarrak ez dauka dudarik, «epaileen erabakia errazteko eta hobetzeko balio baldin badu, teknologiak sartu beharra dauka pilotan». Horren kontra argudioa litzateke, pilotaren betiko filosofia zikintzearena; alabaina, Jauregiren iritziz, «hobe minutu batez partida eten, tantoa okerreko pilotariari eman baino».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!