Herritarren botereaz

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 7a, 11:36
Argazkia: Argia.eus

Kataluniako independentzia prozesuaren motorra izan dira CDRak. Bertan parte hartzen duten hiru kidek hitzaldia eskainiko dute gaur Anoetan.

Azken hilabeteetan Kataluniako independentzia prozesuak hautsak harrotu ditu mundu osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Urriaren 1ean independentzia erreferenduma egin zuten eta urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak Errepublika aldarrikatu zuen.


Ukaezina da herritarren mobilizazioa izan dela independentzia prozesuaren motor nagusia. Prozesu honetan guztian, herritar horien bilguneak izan dira CDRak Errepublikaren Defentsarako Komiteak. Kataluniako herri askotan sortu ziren uda aurretik, eta bertan parte hartzen duten bost kidek hiru hitzaldi eskainiko dituzte Euskal Herrian; horietako bat gaur izango da, 18:30ean, Anoetako Gaztetxean.

Sergi Estevez (1991, Andorra) Bartzelonako Gracia auzoko komiteko kideak azaldu du horien sorreraren zergatia: «Urriaren 1eko erreferendumean eskolak defenditzeko sortu ziren. Horietako asko ezker independentistak bultzatu zituen, baina gaur egun hainbat ideologiatako herritarrek osatzen dituzte».

Estevezek azpimarratu duenez, herritarren «desobedientzia uholdea» ezinbestekoa izan zen urriaren 1eko erreferenduma burutzeko: «Espainiako Estatuaren errepresioaren aurrean, herritarren mobilizazioak ahalbidetu zuen erreferenduma. CDRetan sekulako lanketa egin zen eta egun horretan ikusi genuen emaitza: desobedientzia ekintza ikaragarria».

Urriaren 10ean, Carles Puidgemont Kataluniako Gobernuko presidenteak independentzia aldarrikapena bertan behera utzi zuen. Hori horrela, izena aldatu eta Errepublikaren Defentsarako Komiteak izena hartu zuten: «Kataluniako Gobernuaren zati bat espetxean dagoenez eta Kataluniako hainbat instituzio Espainiako Gobernuak kontrolatzen dituenez, herritarren mobilizazioa ezinbestekoa izango da independentzia prozesuak aurrera jarraitu eta Errepublika defenditzeko».

HAUTESKUNDEAK, PROZESU KONSTITUZIOGILEA JOMUGAN

Kataluniako independentzia prozesuan hurrengo geltokia abenduaren 21eko hauteskundeak dira: «155. artikuluaren ondorioz inposatu dizkiguten hauteskundeak badira ere, CDRko kideek mobilizaziorako deia egin dugu. Ez dugu alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzen baina garrantzitsua da alderdi soberanistek gehiengoa lortzea», azpimarratu du Sergi Estevezek.

Izan ere, nabarmendu du hauteskunde horien helburua dela «urriaren 1eko erreferendumaren emaitza eta urriaren 3ko greba orokorrean kalean demostratu genuena defenditzea. Ezin dugu atzera egin, ezin dugu autonomia estatutuaren aplikazioaz hitz egin», laburbildu du.

Zentzu horretan, Errepublika sortzeko prozesu konstituziogilea martxan jartzea da datozen hilabeteetako erronka: «Errepublika oinarrietatik eraikitzen hasi behar dugu, herritarrengandik, Errepublikak eduki soziala izan dezan».

Batzar horietan alderdi politiko ugaritako jendea dago, baina eduki sozialaren inguruko gutxieneko dekalogo ideologikoa onartuta dute: «CDRek, ordea, ez dute Katalunia osoa hartzen eta jende gehiagorengana ailegatu behar dugu», azaldu du.

Kataluniako independentzia prozesua, gaur egungo egoera eta erronkak hizpide izango dituzte; gaur, Anoetako Gaztetxean, 18:30ean.

 

PROZESU KONSTITUZIOGILEA MARTXAN

Kataluniako hainbat herri mugimenduk Kataluniako Prozesu Konstituziogilea garatzen hasi dira, Argia astekariak jaso duenez. Horretarako, Aixequem la República Errepublika Eraiki euskaraz lelopean, ekitaldia egin zuten abenduaren 2an Bartzelonan.

Kataluniako Parlamentuak Prozesu Konstituziogilearen planteamendua onartu zuen; horrela, prozesu parte-hartzailea martxan jartzea aurreikusi zuten, Asanblada Konstituziogilea eraikitzeaz gain. 155. artikuluaren aplikazioaren ondorioz, ordea, ez da prozesurik garatu.

Ekimen horren helburua prozesu hori martxan jartzea da: «Oinarri herrikoia duen eta debate sozial bat sortzeko gai den prozesu konstituziogile bat hasi behar dugu, ez dagoena alderdi politikoei lotua». Adierazi dute prozesu konstituziogilea ez dela prozesu juridiko hutsa, indar harreman materiala baizik: «Errepublika ez da soilik aldarrikatzen, eraiki egiten da. Nahi dugun errepublika inklusiboa da, demokratikoa, berdinzalea, feminista eta antiarrazista», jaso dute adierazpenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!