«Txapela irabazteko aukerak nire lana ondo egitean daude»

Asier Imaz 2017ko abe. 6a, 09:38

Lau t'erdiko esku pilota txapelketaren finala jokatuko da gaur, 12:00etan hasita, Sopelan. Anoetarraren aurkaria Leire Etxaniz izango da.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup lau t'erdiko txapelketa 70 pilotarirekin hasi zen. Lehen maila eta elite mailako kanporaketak jokatu ondoren, bi finalak gaur jokatuko dira, Sopelan. Maider Mendizabalek (Anoeta, 1977) elite mailakoa jokatuko du.

Historia egiten ari zarete: eskuz lau t'erdian orain arte ez delako txapelketarik jokatu.

Horrela ematen du. Pixka bat handietsi egin da, baina gustura gaude. Hasiera bat dela uste dut, eta ea behintzat jendea esnatzeko balio duen.

Atea zabaltzen ari zaretela ematen du.

Antolatzaileek horregatik antolatu dutela uste dut. Helburu nagusia parte hartzea bultzatzea da. Gero maila ematen bada, txapelketa eta final ona ateratzen baldin badira, askoz hobe.

Adibide bezala Nagore Arozena lizartzarra hartu daiteke. Gaztetxotan esku pilotan maila bikaina erakutsi ondoren, ibilbiderik gabe geratu zen.

Azkenean garrantzitsuena hori da. Eskuz ibiltzen baldin bazara 12-13 urtera arte, gero, mutilekin jarraitu behar baduzu indar aldetik aldea izaten da. Horrela, gutxienez nesken aurka jokatzeko aukera daukazu; eskuz jarraitzeko aukera daukazu.

Finala telebistaz zuzenean emango dute. Presio gehigarria edo esperientzia zerbaitetarako dago.

Hasiera batean lasai nago. Gero hasieran pixka bat urduri egongo naizela uste dut, baina ez telebista dagoelako edo ikusten jendea elkartuko delako, final bat delako baizik; aurkaria oso ona delako eta nire onena eman nahi dudalako.

Eta arrazoi horiei, «txapela irabazi nahi duzulako» gehituko genioke.

Bai, noski. Lehenengo gauza, ordea, nire lana ahalik eta hoberen egitea da, txapela irabazteko aukerak hor sartzen direlako.

Finala alde batera utzi gabe, zer moduzko txapelketa egiten ari zara?

Egia esan uste nuena baino askoz hobea. Buruz buru guk ez dugu inoiz jokatzen; txapelketa honetan bakarrik aritu gara banaka. Horrek kantxa osoa hartu behar duzula esan nahi du. Egia da zabalera pixka bat moztu egiten dela, baina finaleko pilotalekuan kantxa guztian jokatuko dugu. Beti izaten duzu zalantza hori: ea nola moldatuko zaren. Baina orain artekoa kontuan hartuta, oso ondo joan zaidala esan dezaket.

Lehen, aurkari zaila izango duzula esan duzu. Nolako pilotaria da Leire Etxaniz bizkaitarra?

Oso ona da. Bi esku onak dauzka. Indartsu jotzen du pilota, nik baino dezente indartsuago. Azkarra da eta hutsegite gutxi egiten ditu. Pilotari konpletoa da. Agian bere ahulune bakarra, bere jokoa eutsi eta eutsi horretan oinarritzen dela. Gutxi arriskatzen du; airez gutxi sartzen da. Ea hor aukerak sortzen zaizkidan, eta airez sartzea dudan. Kontua da pilota asko altxatzen duela. Berari ezkerra bilatu behar diot, ona izanagatik, eskuina baino okerragoa duelako. Ea jokaldi batzuk egiteko aukerak sortzen zaizkidan.

Kontuak horrela, jokoa nahasten saiatuko zarela dirudi.

Jo eta jo hasten baldin banaiz, ez dut ezer irabaziko. Berak indartsuago ematen dio, eta biziago. Lau t'erdiak bere muga du, eta hori niri ondo datorkit. Bestalde, jotzera joanda, eskua txikitu besterik ez nuen egingo. Aukera dudanean mozten saiatuko naiz, edo bi paretak bilatzen, edo dejada, airea...

Zerbaitetan irabazten baldin badiozu, esperientzian da.

Asko jokatutakoa naiz, urteak dauzkadalako. Maila desberdinetako aurkarien aurka ibili naiz, baina munduko esperientzia guztia izanda ere, desastre jokatzen baldin baduzu, badakizu zer daukazun. Bera ni nekatzen saiatuko da, eta ni bera mugitzen ahaleginduko naiz, ea bera nekatzea lortzen dudan.

Botilero bezala zein eramango duzu?

Botilerorik ez dugu sekula izan, baina telebistaren kontu horrekin, botileroa zein izango zen galdetu ziguten. Nik Iñaki (Alijostes) nire senarrari galdetu nion. Futbol zalea da bera, baina azken urteetan nirekin pilota dezente jarraitu du. Ikusmen ona dauka, baina bere kezkak ere baditu. «Nik jokaldi bat esan eta ezin baldin baduzu egin?», galdetzen zidan. Hori nik erabakiko nuke, ahal dudan edo ez. Kontua ez da hori. Botileroak kantxan dagoenak ikusten ez duena ikusi behar du, eta pilotariari hori ikustarazi. Alde horretatik asko gustatzen zait berak nola jarraitzen dituen partidak; ondo egiten du lan hori, eta niri, gustatzen zait.

 

ANOETAKO UDALAREN DEIALDIA

Finala gaur jokatuko da Sopelan (Bizkaia), 12:00etan. Anoetako Udalak herritarrak gonbidatu ditu Sopelako pilotalekura, eta Maider Mendizabal herritarra animatzera joateko deia luzatu du. Horrez gain, pilotaria zoriondu eta txalotu du, finalean egotea ez delako nolanahiko lorpena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!