Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, egun seinalatua. "Euskaldunik bada, euskalduna da gure herria eta hala dira gure ingurukoak: gehienok dakigu euskaraz. Horregatik diogu euskararen arnasgune osasuntsuenetakoa osatzen dugula Tolosaldeko herriok, herritarrok", esan du Anoetako Udalak.
Eskualde mailan ekintza bateratua egingo dugu aurtengoan erakundeek eta herritarrek Euskararen Egunean. Herri guztien artean, “Tolosaldean Euskararak 365 egun!” leloa osatuko da, herri bakoitzak esaldi horren letra bat irudikatuz. Anoetak ere parte hartuko du aldarrikapen egun honetan eta horregatik, abenduaren 3an, igandea, 11:00etan herriko plazan elkartu eta adierazpenaren hizki bat osatzen laguntzea proposatzen du Anoetako Udalak. Halaxe egingo dute Tolosaldeko gainerako herri guztiek ere.
Honako hau da Anoetan prestatu duten egitaraua:
10:30. Diana, herriko trikitilari, txistulari, buruhandi eta erraldoiekin.
11:00. Haur eta gaztetxoek Tolosaldean Euskarak 365 egun! esaldia kolorez beteko dute, herriko plazan. Amaitutakoan, pankarta udaletxe aurrean jarriko dute.
11:30. Herritarrak plazara biltzea.
12:00. Mosaikoa osatzea: Ataria Irratiak Tolosaldea osoan egingo du txalaparta deia. Anoetarrok “A” hizkia osatuko dute plazaren erdian. Ondoren, Euskararen Eguneko adierazpena irakurriko dute.
12:15. Mosaikoari argazkia atera.
12:30. Kantu-jira: herritar oro gonbidatzen dute abesti batzuk plazan kantatzera. Herriko musikariek alaituko dute saioa. Ondoren, Kuku Elkarteak salda eta txorixo goxoa banatuko ditu.