Gizon izateko beste eredu batzuk aztergai

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 22a, 10:06

Joan den azaroaren 15ean Berdintasuna gizonen ardura ere bada hitzaldia eman zuen Mikel Otxotorenak Anoetan. 20 eta 60 urte arteko 25 gizonezko bildu ziren solasaldira. Gaur Asteasuko udaletxean izango da Otxotorena mikromatxismoei buruz hizketan, 19:00etatik aurrera.

Aurreko asteko Anoetako solasaldian parte hartu zuen gizonezkoetako bat da Iker Etxeberria (Anoeta, 1995) eta bere ustez Anoetako Emakume Taldeak azken urteetan egindako lanak du, hainbeste gizon bilerara gerturatzearen meritua: «Uste dut kontzientzia pizten lagundu digutela. Emakumeek herriko festetakoa bezalako plaza batean ausardiaz egin dituztela euren aldarrikapenak eta askotan ez dute behar bezainbesteko babesik jaso gure aldetik».

Etxeberriaren esanetan, gizonezkoak eta emakumezkoak oso abiapuntu ezberdinetatik hasten dira berdintasunaren aldeko borrokan. «Gizonezko izate hutsak pribilegio posizio bat ematen digu eta jakin behar dugu rol horietaz kontziente izaten, horiek deuseztatzen».

Mugimendu feministarekin harremanak izan, hausnarketak konpartitu eta elkarrekin komunikatuta egoteari ongi deritzo Etxeberriak, baina uste du, lanketa propioa egin behar dutela gizonezkoek. Horretarako elkarrekin partekatzen dituzten espazioetan jarrera matxistak arbuiatzean dago lehenengo pausoa. «Isiltasuna konplizea da eta jarrera horiek inpunitatearekin pasatzen direlako eraikitzen da gero sistema heteropatriarkala».

Etxeberriaren esanetan «deserosotasunetik» abiatu behar du lanketa horrek, «eta maiz guretzako deserosoa izatea da aldaketa ez hasteko aitzakia». Aurreko astean udaletxeko batzar aretoan sortu zuten bilgunea bezalako gehiago nahi lituzke hausnarketa horiek konpartitzeko. Gaur, Asteasuko gizonezkoek izango dute horretarako aukera, 19:00etan udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!