Herriko landa eta baso lurren azterketa jarri dute martxan

Jon Miranda Labaien 2017ko aza. 9a, 12:33

Anoetako Udalak, Tolomendi landa garapen elkartearekin elkarlanean abiatu du prozesua eta dagoeneko egina du lehen bilera baserritarrekin.

Landa eta baso lurren azterketa egiteko prozesu luzea du aurretik Anoetako Udalak eta lehen fasean, banakako elkarrizketei heldu nahi die. Tolomendi elkartearekin hitzarmena sinatuta, Maddi Sarasola teknikaria arduratuko da prozesua dinamizatzeaz. Hasteko, baserritarrei, lur-jabeei eta lur-jabe ez izanagatik lur horien erabiltzaile direnei aurkeztu zitzaien proiektua urriaren 24an. Dozena bat lagun elkartu ziren bileran.

Peio Estanga alkatearen hitzetan, udal taldean badago kezka gai honekiko: «Aspalditik jarri nahi genuen kontu hau mahai gainean, eta behingoz heldu diogu. Guretzako lehentasunezko gai bat da». Hemendik aurrera, lehen sektoreaz duten iritzia bildu eta baserritar bakoitzaren errealitatea ezagutuko dute. «Ez da berdina Sarobe baserriak bizi duen egoera edo Asteasun egon arren Anoetako lur asko kudeatzen dituen Zabal-Errekondokoek dutena. Guztiekin, mapa bat osatu nahiko genuke».

Egon daitezkeen mesfidantzak gainditu eta adostuta egin nahi luke bidea Anoetako Udalak. Gainera, landa nahiz baso ingurunearen egoeraren inguruko hausnarketa herritarrekin partekatu nahi dute, guztien artean aurrera begirako pausoak erabakitzeko. Estangaren ustetan, «herritarrekin, saltoki, taberna eta jatetxeekin ere egin nahi dugu lanketa. Kaletarrok baserritarrek egiten duten lanaz kontziente izan eta gure gizartean betetzen duten funtzioa baloratzen jakin behar dugu».

Landa ingurunearen eraldaketa zuzenean dago lotuta gizarte ohituren aldaketarekin. Beraz, «herritarrok bertako elikagaien kontsumitzaile edo natur ingurunearen onuradun gisa» zeresana dugula uste du alkateak. Herri guneetatik aparte dagoen landa eremuaren aberastasunean jarri du arreta: «Ez gara jabetzen inguruan dugun altxorraz eta eskualde honek duen ondare nagusienetako bat da».

Guzti horren inguruan hausnartu nahi dute, printzipioz, urtebete iraungo duen prozesuan. «Ez dugu tiraderan gordetzeko txosten bat egin nahi», esan du alkateak, «prozesu dinamikoa izatea nahi dugu eta udalak beharrezko baliabideak jarriko ditu horretarako».

PROZESU GEHIAGO MARTXAN

Indartsu hasi dute, bestalde, euskararen inguruan hausnarketa egiteko prozesua Anoetan. Larunbatean, azaroaren 4an egin zuten herritarrekin lehen saioa. Guztira 26 lagunek hartu zuten parte. Saioaren hasieran Soziolinguistikari lotutako azalpen teorikoa eman zuen Uema-ko Goizane Aranak, Euskal Herriko zein Anoetako euskararen bilakaera hobeto ulertzeko. Ondoren, bertaratutako herritarrak izan ziren protagonista. Hainbat dinamiken bidez, herriko egoeraren diagnostikoa egin zuten; inguruan topatzen diren indargune eta ahulgune nagusiak identifikatu zituzten, eta horrekin, euskaldunen eguneroko bizitzan aurki daitezkeen egoeren gaineko diagnostikoa egin zuten. Bigarren saioa azaroaren 18an egingo da, 10:30ean eta beste galdera batzuen erantzuna bilatzen saiatuko dira: «Zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko? Eta guk zer egin dezakegu?».

Bestalde, Farapi kooperatibaren laguntzaz, herriko festak parekideak izateko helburuarekin parte hartze prozesua ere amaierara iristen ari da. «Helburua, irizpide batzuk finkatzea da», esan du Estangak. Festen aurretik antolatu zuten lehen bilera eta Korputsetan behaketa egin ondoren, uztailean egin zuten bigarrena. Udazkenean egin diren azken bi saioekin finkatuko dituzte irizpideak. «Gerora, sexu eraso kasuetarako protokoloa zehaztu nahiko genuke», aipatu du alkateak.



EH BILDUREN KRITIKA

Herritarrekin batera egiten ari da bidea udal gobernu taldea eta ibilbide horretan oposizioaren laguntza falta sumatzen du Anoetako EH Bilduk. «Ez ona eta ezta txarra ere, oposizioarekin harreman gutxi dugu, edo bat ere ez », dio Estangak. EAJk lau ordezkari ditu udalbatzan. EH Bilduren esanetan, «horietako bi desagertuta daude, ez dira ez batzar eta ezta batzordetara agertzen. Azaltzen diren kasuetan ere ez dute proposamen zehatzik aurkezten. Argi utzi nahi dugu batzorde ezberdinetako gaiak eztabaidatzeko eta lantzeko jarrerarekin jarraitzen dugula», esan du Anoetako EH Bilduk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!