Hausnartze prozesua indartsu hasi da

Ataria 2017ko aza. 7a, 11:55

Larunbatean, azaroaren 4an egin zuten Anoetako herritarrekin hausnartze prozesuko lehen saioa. Guztira 26 herritarrek hartu zuten parte.

Helburu nagusiak argi dituzte: euskarak herrian duen egoera aztertzea eta erronka berriak zein diren zehaztea. Lehenengo saioan, horretarako bi galdera nagusiri erantzuten saiatu ziren: "Gure herrian euskararekin gertatzen ari dena, gure herrian bakarrik ari al da gertatzen? Udalerri euskaldun askotan antzeko joerak ari dira azaltzen. Zergatik?".

Saioaren hasieran Soziolinguistikari lotutako azalpen teoriko txiki bat eman zuen Uema-ko Goizane Aranak, Euskal Herriko zein Anoetako euskararen bilakaera eta egoera hobeto ulertzeko. Ondoren, bertaratutako herritarrak izan ziren protagonista: hainbat dinamiken bidez, herriko egoeraren diagnostikoa egin zuten; parte hartzaileen bizipenetik eta ezagutzatik abiatuta, inguruan topatzen diren indargune eta ahulgune nagusiak identifikatu zituzten, eta horrekin, euskaldunen eguneroko bizitzan aurki daitezkeen egoeren gaineko diagnostikoa egin zuten.

Aipatu behar da ikastolako gaztetxoek, Uema-ren laguntzarekin, hausnarketa saio bat egin dutela, garrantzitsua baita beraien iritzi eta pertzepzioak jasotzea. Bertan bildutako ideia nagusiak helduen bigarren saioan kontuan izango dira.

Bigarren saioa azaroaren 18an egingo da, 10:30ean eta beste galdera batzuen erantzuna bilatzen saiatuko dira: "Zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko? Eta guk zer egin dezakegu?". Bigarren saio horretan, aurrera begirako pausoez hitz egingo dute eta aukeratutako eremu horietan zer egin daitekeen. Horretarako, ibilbide orri bat markatutako dute eta aurrera begirako pauso nagusiak zehaztuko dituzte. Bukatzeko, erronkari erantzuteko zein baliabide dauden aztertuko dute, baita zein indar eta gogo dagoen ere. "Guztien iritziek eta ekarpenek dute garrantzia euskarari buruz ari garelarik, espero dugu bigarren saioan ere parte hartze jendetsua izatea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!