Herriko landa eta baso lurren azterketa jarri dute martxan

Ataria 2017ko urriaren 26a

Anoetako Udalak, Tolomendi Landa Garapen Elkartearekin elkarlanean jarri du martxan azterketa. Joan den urriaren 24an, asteartea, proiektu honen berri eman zieten baserritarrei, lur jabeei eta lur jabe ez izanagatik lurren erabiltzaile direnei.

Prozesu luzea dute aurretik, lehen fasean, banakako elkarrizketei helduko zaie, bakoitzaren errealitatea gertutik ezagutu eta sektoreaz duten iritzia biltzeko. Horren ondotik, parte hartze prozesuari helduko diote. Landa nahiz baso ingurunearen egoeraz hausnartzea da helburua, aurrera begirako pausuak adostu ahal izateko.

Horrez gain, prozesu hau herritar guztiekin partekatzearen garrantzia azpimarratu nahi du Anoetako Udalak: "baserri ingurunearen eraldaketa, gizarte ohituren eraldaketarekin loturik dagoela uste dugu. Herritar guztiek dute zeresana, besteak beste, bertako elikagaien kontsumitzaile gisa edota natur ingurunearen onuradun gisa".

Beraz, Anoetako Udalak guztiei dei egiten die datozen hilabeteetan izango dituzten bilguneetan parte har dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!