Euskarari buruz hausnartzeko prozesu herritarra Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 19a, 15:44

Azaroaren 4an eta 18an udaletxeko batzar aretoan bilduko dira 10:30ean. Anoetako Udalak, Galtzaundi euskara taldeak eta Uema-k dinamizatuta herritarrak animatu nahi dituzte gogoeta egitera.

Euskarak bizi duen egoera elkarrekin aztertzea eta aurrera begirako erronka nagusiak zehaztea izango da Anoetan martxan jarriko duten prozesuaren helburua. Horretarako lau galdera nagusiri erantzuten saiatuko dira: "Gure herrian euskararekin gertatzen ari dena, gure herrian bakarrik ari al da gertatzen? Udalerri euskaldun askotan antzeko joerak ari dira azaltzen. Zergatik? Zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko? Eta guk zer egin dezakegu?"

Kezka batean du abiapuntua prozesuak euskara eta hezkuntza zinegotzi Bakarne Olanok azaldu duenez. Anoetako Udalak hizkuntza erabileraren kale neurketa egin zuen iaz laugarren aldiz, Soziolinguistika Klusterraren laguntzarekin. 2001ean egin zuten aurrenekoz eta harrezkero, bost urtez behin egin ohi dute neurketa. 2016ko emaitzek erakutsi dute Anoetako kaleetan elkarrizketen %57,7a direla euskaraz eta Olanori "gutxi" iruditzen zaio, batez ere "euskararentzat arnasgune den herri batentzako". Kezka areagotu egin zaio udalari, haur eta gazteen erabileraren beherakada ikusita eta pertsona nagusien erabilerak umeak presente ez daudenean zenbatean egiten duen behera ikusita.

Emaitzak jakin orduko Anoetako Udalak konpromisoa hartu zuen emaitzak hauek aztertzeko eta hausnarketa herriko hainbat eragilerekin batera egiteko. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu abiatzera goazen prozesu hau denon artean egitea; denon herria delako, denon erabileraren emaitzak direlako, eta denok egin beharko dugulako ahalegina, egoera aldatu nahi badugu". Udalak prozesuan parte hartuko duela iragarri du Olanok, "euskara indartzea eta Anoeta euskararen arnasgune izaten jarraitzea" funtsezkoak baitira udal taldearentzat.

Prozesu parte hartzaile eta herritarra

Uema-ko Goizane Aranak eman ditu prozesuaren inguruko xehetasunak eta zehaztu du bi saio egingo direla. "Horrekin nahikoa ez bada, hirugarren saio baterako aukera irekita utziko da", gaineratu du. Herritarrekin egingo diren bi bilera hauek egiteaz gainera, gaztetxoekin beste bilera bat egingo da, haien iritzi eta pertzepzioak jasotzeko.

Parte hartze saioen egiturari dagokionez, bi atal nagusi bereizi ditu Aranak: "lehenengoan soziolinguistikari lotutako oinarrizko kontzeptuak eskainiko dira, Euskal Herriko eta Anoetako euskararen bilakaera hobeto ulertzeko; bigarren atalean, berriz, herritarrak izango dira protagonista eta dinamika parte hartzaileak gauzatuko dira". Lehengo bileran, azaroaren 4an, diagnostikoa egiten saiatuko dira eta herrian dituzten indargune eta ahulguneak identifikatzeaz gainera, egunerokoan herritarrek bizi dituzten egoerak aztertuko dituzte. Bigarren saioan, berriz, ibilbide orri bat markatzen saiatuko dira, erronka berriak zeintzuk izan beharko liratekeen irudikatuz.

Prozesuaren hasieran botatako galderei, amaieran beste hainbat gehituko zaizkie: "Non jarri behar dugu arreta? Zeintzuk izan behar dute lehentasunak? Zer egin beharko genuke erabileran eragiteko?". Herritarrekin batera erronka berriak zehaztuko dira eta denen artean erabakiko dute, "zein indar, zein gogo, zein baliabide dauzkagun erronkei aurre egiteko". 

Euskaltzaleen aktibazioa 

Erronkari erantzuteko nola antolatuko diren erabakiko dute prozesuaren amaieran eta saioak dinamizatzen ariko diren eragileek nahiko lukete euskaltzaleak talde batean kohesionatuta euskararen erabileran eragiteko elkartzea. Eragile horietako bat da Galtzaundi euskara taldea eta eskualdera zabaltzeko daramaten prozesuan, herriz herri "taldetxoak" sortzeko asmoarekin dabiltza. Beraz, helburuetan bat egiten dute Anoetan abiatu den prozesuarekin, herritarrak aktibatzeko asmoarekin.

Imanol Artola Galtzaundiko ordezkariak esan du Anoetako tailerretan parte hartuko dutela eta bi arrazoi aipatu ditu horretarako: "Batetik, Anoetan bertan ekarpenak egin nahi ditugulako, eta bestetik, Anoetako esperientzia hau beste herrietara eramateko interesgarria delako".

Aipatu bezala, Galtzaundi gizarte mugimendua eskualdera zabaltzeko prozesuan dago eta Artolak uste du, Anoetak hasitako bideari jarrai diezaioketela Tolosaldeko beste hainbat herrik: "ez bakarrik aktibatze lanean, baita koordinazioan ere: Udala, Uema eta herritarrak, denak elkarrekin eta aldi berean, bakoitzak dituen betebeharrei erantzunez ari direlako. Horixe da bidea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!