Festak parekideak eta erasorik gabeak izan daitezen

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 6a, 07:53

Farapi Kooperatiba launa bileraz osatutako parte hartze prozesuak bideratzen ari da Anoetan eta Zizurkilen, herritarren partaidetza handiarekin.

Herritarren ikuspuntu, behar eta gogotik abiatuta ari dira parte hartze prozesuak burutzen Anoetan eta Zizurkilen. Araitz Rodriguez Gutierrez Farapi kooperatibako kidea ari da bi herritako saioak dinamizatzen eta saio guztietan herritarrek agertu duten «konpromiso altua» nabarmendu du.

Saio bakoitzetik ideia edo hausnarketa bat ateratzea da asmoa, «prozesu akumulatiboa» egitea, Rodriguezen esanetan. Horretarako bi herritan ordu pare bateko launa saio antolatu dituzte bakoitzean lanketa jakin bat egiteko. Anoetan, egungoak baino jai parekideagoak lortzeko irizpide batzuk zehazteko prozesu parte hartzailea abiatu dute eta Zizurkilen, balizko eraso sexista baten aurrean erantzun bateratu bat emateko protokoloa zehazten ari dira.

POTENTZIALITATEA EGON BADAGO ANOETAN

Anoetako udal taldeak konpromiso argia du parekidetasunarekin. Berdintasun teknikaririk ez duten herrientzako Berdinbideak eskaintzen duen zerbitzua baliatzen dute norabide horretan urratsak emateko. Josune Eizmendi, Parekidetasun zinegotziak aipatu duenez, duela hiru urte saio txiki bat egin zuten, «jaien inguruan ikuspegi orokor bat edukitzeko». Orduan ateratako ondorioetatik abiatuta, sakonago jotzea erabaki dute eta Farapi kooperatibaren aholkularitzarekin irizpide batzuk finkatu nahi dituzte herrian ospatzen diren jaiak geroz eta parekideagoak izan daitezen. «Irizpideak idatzita edukitzeak beste pisu bat ematen dio, guretzako tresna bat izango da hori hurrengo urteetako festa ezberdinak antolatzeko», dio Eizmendik.

Oraingoz bi saio egin dituzte jai parekideen inguruko prozesu parte hartzailean eta jende asko aritu da. Lehen bileran, maiatza hasieran, 13 lagun bildu ziren, udal ordezkari eta gizarte eragileetako ordezkariak tarteko zirela. Alde batetik, parte hartzaileak gaiarekiko sentsibilizatzea, eta bestetik jaiak genero ikuspegitik irakurtzen ikasteko erremintak ematea izan da lehen saioen helburua, «tresna ukigaiak eta ideologikoak, aldi berean», esan du Rodriguezek. Behin irizpide horiek barneratu ondoren, herriko jaiak berdinzaleagoak egiteko erronkak zeintzuk diren identifikatu eta erronka horiei nola aurre egin zehazten saiatuko dira hurrengo hitzorduetan.

Lehen bilera horretara gerturatu ziren herritarrek konpromiso bat ere hartu zuten: «Betaurreko moreak» jantzita Anoetako festetako hainbat ekitaldi behatzea. Bertso saioa, mus txapelketa, zaldi karrera, txupinazoa, edota saiheski jatea begiratu eta fitxa batzuetan apuntatu zituzten ikusitakoak, besteak beste, gizonezkoek eta emakumezkoek zein rol jokatzen zituzten ekitaldi horietako bakoitzean. Eizmendik, adibidez, eragileek antolatutako saiheski jateari erreparatu zion: «Begiratu genuen zein ari zen saiheskia erretzen, zeinek antolatu zituen mahaiak, nola banatu ziren edariak, eta gero ontziak zeinek garbitu zituen».

Prozesuaren barruan bigarren bilera egin zuten larunbatean eta behatutakoaren harira hainbat hausnarketa partekatu ahal izan zituzten herritarrek. Rodriguezek argitu duenez, «ez da, akaso, diagnostiko osatu bat baina balio izan digu zehazteko zein gauza egiten diren ondo eta zein dauden arriskuan». Berdintasun ikuspegitik onargarriak ez direnak finkatzeko ere balio izan du ariketak eta aurtengo festetan eman den kasu bat ere izan zuten hizpide larunbatean. Emanaldia eskaini zuen herriko musikari baten jarrerak baztertzaileak zirela iritzita mugimendu feministak protesta egin eta egoera salatu zuen. «Prozesu normala» dela uste du Rodriguezek, «anekdotikoa alde batetik, baina nolako gizartea dugun erakusten duena aldi berean». Horrelakoak errepikatu ez daitezen festa batzordean zein neurri har daitezkeen aztertzen hasi ziren aurreko larunbateko bileran. Eizmendik esan duenez, «horrelakoen aurrean nola jokatu jakiteko aholkuak jaso ditugu». «Potentzialitate handiko» herria da Anoeta Rodriguezen ustez, «oso parte hartzailea dela iruditzen zait eta herriak baduela joera kuadrilla mistoak izateko. Horrek eragin handia du gero jaiak parekideak izan daitezen». Hala ere nabarmendu du festak eraldatzeko bidea luzea bezain zaila dela, pauso txikiz osatzen joaten dela.

ERANTZUN BATERATUAREN BEHARRA ZIZURKILEN

Duela bi urteko festetan, taberna inguruan izandako eraso sexistaren harira sumatu dute protokolo baten beharra Zizurkilen. Eva Usandizaga Parekidetasun zinegotziak azpimarratu duenez, «erasoari erantzuna emateko garaian konturatu ginen ez ginela behar bezala koordinatu. Hori ikusita, udala eta Aizan talde feminista bildu eta erabaki genuen balizko eraso baten aurrean erantzun tinko eta bateratu bat diseinatu behar genuela». Atzo arratsaldean izan zuten protokoloa zehazteko lau bileretatik hirugarrena.

Rodriguezek, dinamizatzaile gisa, «txalotu» egin nahi izan du udalak deialdia egiteko izan duen gaitasuna, «ahalik eta talde zabal eta anitzena osatzeko konpromisoa hartu zuten eta lortu dute». Herriko tabernariak, jai batzordeak, guraso elkarteak, kirol elkarteak, mugimendu feminista, elkarte gastronomikoak, udaltzainak, udal ordezkariak eta gizarte eragileak ari dira parte hartzen prozesuan.

Hogei lagun baino gehiago bildu ziren lehenengo bileran eta hori, «oso positiboki» baloratzen du Parekidetasun zinegotziak. «Lehenengo saioetan indarkeria sexistatzat zer ulertzen dugun aztertu dugu, zein indarkeria mota dauden eta indarkeria zer den eta zer ez den bereizten saiatu gara», esan du Usandizagak. Kontziente da udal ordezkaria indarkeria ez dela soilik festa gunean ematen, baina bere ustez areagotu egiten da giro horretan, «gauak, droga eta alkoholaren kontsumoak bultzatuta». Horregatik, jaien testuinguruan ematen diren erasoen aurrean nola jokatu zehaztuko duen protokoloa da orain osatuko dutena.

Amabirjin festak abuztu erdialdera izaten dituzte Zizurkilen eta Elbarrenako festak iraila hasieran. Ordurako prest eduki nahiko lukete protokoloa, eta aldi berean baliatu, herrian zehar egiten diren gainerako ospakizunetan: azoka berezia, blusen eguna, blues gaua... Rodriguezek nabarmendu duenez, «oso giro ona dago taldean, gauzak adosteko gogoa nabari da eta zerbait txukuna egiten ari direnaren sentsazioa dute». Emaitza beraz, baliagarria izango zaiela uste du Farapi kooperatibako kideak. Erantzun bateratuan jarri du arreta Usandizagak, «bakarka edo norbere aldetik eragitea baino interesgarriagoa da erantzun bateratua ematea; azken batean, gizarte osoaren konpromisoa behar da behin betiko indarkeria sexistarekin amaitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!