«Ura txorrotatik ateratzen den horrekin lotzen dugu soilik»

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 27a, 07:55
Iñaki Antiguedad, EHU-ko irakaslea. TOLOSALDEKO ATARIA

Anoetako Herri Ikastolak hitzaldia antolatu du udalaren laguntzaz, aurten, Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan landu duten uraren gaian sakondu eta gehiago ikasteko asmoz.

EHUn geologia irakaslea da eta uraren inguruan ikertzen aritzen da Hidrogeologian katedraduna den Iñaki Antiguedad (Bilbo, 1955). Gaur, 18:30etik aurrera ariko da Anoetako Mikelasagasti auditorioan gaiaren inguruko azalpen guztiak ematen.

Eskola Agenda 21eko ikasleek adierazi dutenez, ezagutza gutxi dago uraren inguruan.

Bai, egia da. Udazkenean Tolosaldean izan nintzen eskualdeko Eskola Agenda 21eko irakasleek eskatuta uraren inguruan argibideak emateko. Horrelako gaiak lantzen ditugunean konturatzen gara oso ikuspegi murritza dugula. Ura, etxeko txorrotatik ateratzen den horrekin lotzen dugu soilik eta asko jota ibaiarekin. Gehienetan ahaztuta daukagu horraino iritsi aurretik urak egin behar izan duen bide guztia. Ur eta lurralde kultura ikasten izenburua jarri diot gaurko hitzaldiari, nire ustez, ez dagoelako ura ulertzerik lurraldea kontuan hartu gabe.

Hiriko ur zikloaz zer esan dezakegu?

Askotan hitzaldietan nabilenean daukadan inpresioa da, jende askok ez dakiela nondik datorren bere etxera ura, zein pauso jarraitu dituen, kantitatez eta kalitatez, gurera iristeko. Eta gero komuneko zulotik doanean ere ez daki jendeak nora doan.

Zein pertzepzio du jendeak uraren inguruan?

Ura ulertzeko moduak asko aldatu dira urte hauetan eta jendeak uraren gainean duen pertzepzioa ez da duela urte batzuk bezalakoa. Plan hidrologikoen izaera ere aldatzen joan da eta gaur egun uraren inguruko plangintzetan duela 15 urte kontuan hartzen ez ziren gauzak hartzen dira aintzakotzat.

Oria ibaiaren arroa aipatuko al duzu gaurko hitzaldian?

Bai, hemengo errealitatera jaitsi eta ibai arroko eskala horretara etorriko naiz. Ez dago ibaia ulertzerik arroa bera ulertzen ez dugun bitartean. Hainbat prozesu natural sartzen dira Oria ibaiaren arroan, eta esate baterako, Aralarrek zeresan handia du, justu orain eztabaida ematen ari den garaian; azken batean lurralde antolamenduak zerikusi handia du, mendian gertatzen denak eragina baitu, gero, uretan.

Guk uste baino leku gehiagotan dago ura?

Guk oso modu kontrajarrian jarri izan ditugu ura eta elikagaiak, eta aitzitik, oso lotuta daude. Ur gehiago jaten dugu edaten duguna baino. Hiru otordu egiten ditugu egunero eta jaten dugun horren gehiena ura da. Jendea baieztapen horrekin harrituta geratzen da.

Ura guztion ondarea da. Nola kudeatu beharko genuke?

Ibaiak ere ondare bezala hartu beharko genituzke eta ibaiei duten adinako garrantzia emango bagenie, ibai arro osoa kontuan hartuko genuke. Ur emari txikia ikusten dugunean, edo ura sedimentu askorekin datorrela konturatzen garenean ibaian bertan ikusten ditugu ondorioak, baina arrotik dator problema. Arazoaren iturburura jo behar dugu eta ikusi behar dugu nondik datorren kutsadura, edo sedimentu horiek nondik iritsi diren ibaira. Lurzoruen erosioa da arrazoia eta hori gertatzen da, maiz, mendian eta baso kudeaketan gauzak behar bezala egiten ez direlako. Mendira joaten garenean eta zelaiak berde ikusten ditugunean jabetu behar dugu hor ura dagoela. Baina ez da mendi hegaleko kontu bat bakarrik, hemen asko zementatzen da eta gero kexatu egiten gara uholdeak sortzen direlako. Orain uholdeak ematen dira, duela 70 urteko prezipitazio kopuru erdiarekin. Hori gertatzen da zoruaren parte inportante bat irazgaitza delako.

Biharko iraunkortasuna gaurtik sendotu daitekeela diozu. Nola?

Lehenengo klabea da jendeak ulertzea ura esaten dugunean horren atzean zer dagoen, ez dela bakarrik H2O. Ura beste hainbat konturekin lotu behar dugu. Iraunkortasunaren bidea sendotzen joateko kultura zabaldu behar da, uraren kontzeptua ireki eta lurrarekin lotu. Geroz eta jakintza gehiago bildu, orduan eta konpromiso gehiago hartuko dugu hiritar bezala, ez bakarrik urari begira, baita energiari, elikagaiei edota hondakinei begira ere. Gero administrazioek indarra egin beharko dute gaizki egiten ari garen gauza horiek zuzentzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!