Hogei laguneko taldea da. 40 eta 60 urte artekoak denak, kuadrilla eta jatorri diferenteetakoak eta taloaren bueltan ingurune bat sortu dutenak. Hiru hitzordu izaten dituzte urtean: Dantza Soka eguna, Dantzari Txiki eguna eta Euskal Jaia. Aurreko igandean izan zuten azkeneko zita eta 500etik gora talo saldu zituzten ordu pare batean.
«Herriaren babes osoa daukagu eta jende ikaragarri pila hurbiltzen zaigu, oso eskertuta gaude», esan du Ines Urkola talogileak. Bere garaian taloak egiten ikasi ez zuelako hartu omen zuen jendaurreko lana eta bere zeregina, umorea jarriz, jendea zirikatzea izaten da: «Txorakeri pixka bat ibiltzen dut nik, baina gainerakoak bururik altxa gabe aritzen dira lanean». Urkolari eman zioten atzo pregoia irakurtzeko ardura eta «ilusio handiz» hartu zuen lana.
URTEZ URTE HOBETZEN
Duela bederatzi bat urte hasi ziren Anoetako talogileak talde bezala funtzionatzen, nahiz eta Bakarne Garmendiak gogoratzen duenez, aurretik ere egiten zituzten Dantza Soka egunean. «Talo-zale amorratutzat» dauka bere burua Garmendiak eta bere izebari ikasita hasi zen taloak erretzen. Gero ikasitako hori erakusten jardun izan du herrian eta tailerretan parte hartu duen jendearekin osatu da talogile taldea. «Ni Legorretakoa naiz sortzez eta hona bizitzera etortzerakoan, bestela harremanik izango ez nukeen jendearekin egoteko aukera eman dit taldeak».
Garmendia dute taldeko dinamizatzaile eta antolatzaile nagusi edo horrela hartzen dute, behintzat, gainerako kideek. Lehengaiek duten garrantzian jarri du arreta legorretarrak. «Orendaingo errotatik ekartzen dugu irina eta ehotu berria izaten da, gero horrek zerikusi handia baitu masa egiterako orduan. Beste sekreturik ez du: irinari ura eta gatza gehitu eta sutan erre».
Plantxan aritzeko zeregina du Koldo Aldabek eta ondoan izaten du Juan Karlos Otero: «Taloa puztu egin behar izaten da eta ez da beti lortzen. Hala ere, nahikoa talo itxurosoak ateratzen ditugu, tamaina handikoak eta borobilak». Urkolak jartzen omen du «azken filtroa» eta berak esaten du zein talo den salgarri eta zein ez. Goxoak egongo dira gehienak, aurreko igandean ere ilara luzeak izan zituztelako talo postuan.
«Jendeak izugarrizko pazientzia hartzen du gurekin», esan du Urkolak. Berak egiten du tratua hurreratzen den jendearekin. Taloa hutsa euro batean saltzen dute. Osagai batekoak (gazta, hirugiharra, txistorra edo txokolatea) hiru euroan eta bi osagai baino gehiago daramatzatenak, hiru euro eta erdian. «Gutxi izaten dira, baina osagai guztiak nahastuta eskatzen duenik ere bada», dio, barrez, Urkolak.
Okasioren batean probatu dute taloa barazkiekin eskaintzen eta «izugarrizko arrakasta» izan du Aldaberen hitzetan: «Giltzarriak galdeketa antolatu zuen egunean eskaini genuen eta 15 kilo barazki prestatu genuen. Berezkoa duen lehorra kentzen dio taloari eta goxoa geratzen da».
HERRITIK HERRIARENTZAT
Anoetan ospatzen diren festen inguruan jarri izan dute talo postua eta ez dute sekula herritik kanpora ateratzeko bokaziorik izan. Garmendiaren ustez, «herriko jendeak herriari eskaintzen dion gauza bat da eta hori oso aberatsa da». Ekarpen horren garrantziaz aritu da Aldabe: «Gainerakoan ere beste gauza askotan gabiltza eta auzolanean dabilen jende guzti horren dinamika berari jarraitzen diogu, kasu honetan, gure zeregina jaten ematea da».
Taloak saltzetik ateratzen duten dirua, herriko eragileen artean partitzen dute. Anitz dantza taldea, futbol taldea edota giza proba taldea lagundu izan dituzte talogileek, «eta aurten lehen aldiz Korrikako kilometro bat erosi dugu», esan du lekukoa eraman zuen Garmendiak. Irabazien beste zati bat taldean egin beharreko inbertsioetarako erabiltzen dute. Talo egurrak, plantxak edo zartaginak berritzeko.
Anoetako talogileen taldea, «ez da talde itxia» eta beraz, haiekin aritu nahi dutenentzat beti egongo da tokia. Inguruan laguntzeko prest dagoen jende asko sumatzen dute, gainera. Anoetan elkartasun goseak dirauen bitartean, etorkizuna izango dute talogileek.