Anoetako jaiak 2017

Entzuteko moduko festak

Ataria 2017ko ekainaren 14a

'Pasahitza' irratsaio berezia eskainiko dute bihar Iñigo Terradillosek eta Jon Mirandak, Anoetako festetako muinetik, 11:00etan hasita, 'ataria.eus'-en eta 107.6 fm-ean entzungai

Udako atari honetan festaz festa, herriz herri ibiltzeko aukera zabaltzen da. ATARIA irratiak ere parada hori baliatuta Pasahitza saioa estudiotik atera eta plazaz plaza paseatuko du.

Bidaiaren lehen geltokia Anoeta izango da. Eta garraiobidea ez galtzeko modurik onena data eta ordua ondo jasota izatea da: bihar, osteguna, hamaiketan hasita.

MIKROFONO AURREKO PROTAGONISTAK

Bidaiaren gidari Iñigo Terradillos eta Jon Miranda esatariak izango dira. Eta aurrez aurre Korputs festetako protagonistak izango dituzte. Esaterako, Pello Estanga alkatea bertan izango da. Egun horretan bertan protagonismo nagusia izango dutenek ere zer kontatua izango dute ATARIA-ko mikrofonoen aurrean, Anoetako talogileak, izan ere haiek izango dute aurtengoan txupinazoa botatzeko ohorea.

Ez dira hauek Pasahitza-ko kabina zapalduko duten bakarrak. Esaterako, besteak beste, Naroa Urkola eta Jokin Tolosa eragileek festen antolakuntzaz zer kontatua izango dute. Loatzo musika eskolak ere bere tartea izango du. Eta Txomin Azpiroz eta Oier Urkola bertsolariek prestatu duten bertso saioaren berri emateko ardura izango dute. Juan Karlos Otero berriz pala txapelketaz ariko da. Baina informazioaz gain, ezusteko eta oparietarako tartea ere izango da, 11:00etan abiatuta, plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!