Gatazkarik gabeko teknologiaren aldeko kanpaina martxan da

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 14a, 09:57
Atzo ikastolako sarreran kanpaina aurkezteko agerraldia egin zuten ikasleek. JON MIRANDA

Anoetako ikastolako sarreran erabilitako mugikorrak bilduko dituzte hilaren 22ra arte, eta era horretara, amaiera emango diote DBH 3ko ikasleek egindako lanketari.

Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen Gatazkarik gabeko teknologia kanpainarekin bat egin du Anoetako Herri Ikastolak. Mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura azaltzea da egitasmoaren helburua eta kanpainaren barruan, erabilitako mugikorren bilketa egingo dute ikastolako sarreran, ekainaren 22ra bitarte.

Munduko meatzaritza gune garrantzitsuenetako bat da Kongoko Errepublika Demokratikoa. Han dago koltanaren munduko erreserben % 80; mineral hori gabe ezinezkoa litzateke teknologia berrien iraultza, bereziki mugikorrena. Koltanaz gain aipagarriak dira, funtsezko zereginak betetzen dituzten beste hiru mineral: urrea, wolframioa eta eztainua. Urriak eta garestiak dira, eta beraz, gatazka iturri: «Mineralen erauzketa, prozesamendua eta salmenta talde armatuek kontrolatzen dute, eta infernurik okerrena bilakatu dute Kongo. Izan ere, bost milioi lagun baino gehiago hil dira 1998tik; 2013an soilik, milioi bat lagun lekualdatu dira; eta, urtean, ehun mila emakume baino gehiago bortxatzen dituzte».

LAGUNTZEKO MODUA

Mineralen nazioarteko salerosketak gatazka armatuak sustatzen ditu gaur egun eta hori galaraziko duen Europako zuzentarau bat eskatuz sinadura bilketa abian du Alboan GKEk, www.gatazkarikgabekoteknologia.org webgunean sina daitekeena.

Anoetako ikastolak, kanpainarekin bat egin nahi izan du erabilitako mugikorrak bilduz. Telefono mugikorrak birziklatzeari eta berrerabiltzeari esker, mineral gutxiago erauzi behar dira Kongoko ekialdean. DBH3ko ikasleek adierazi dutenez, «mugikorren osagaien % 90 da birziklagarria».

Ekintza honen helburua da, «telefono mugikorrak arduraz erabiltzeaz sentsibilizatzea, haiek birziklatzea sustatzea, ingurumena kontserbatzen laguntzea eta mineral gutxiago erauzi behar izatea», esan du Aratz Garmendia irakasleak. Iaz, adibidez, ehun mugikorretik gora bildu zituzten Anoetako ikastolan.

Aurreko urteko marka berdintzea da ikasleen asmoa eta horretarako, erabilitako mugikorrak biltzeko kutxa jartzearekin batera, kanpainaren berri ematen duten panelak jarri dituzte ikastola sarrerako harrera gelan. Atzoko aurkezpen agerraldian Kongon bizi den egoeraren berri ematen duen bideo bat ere proiektatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!