Anoetako jaiak 2017

Festarako zubia jarriko dute

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 9a, 13:52

70 dantzari inguruk hartuko du parte gaur gaueko emanaldian. JON MIRANDA

Gaur, 22:30ean, Anoetako Abraham Olano kiroldegian 'Zubiak' emanaldia eskainiko du Anitz dantza taldeak.

Tradizio handia du Anoetan, festen lehenengo egunean egiten den ekitaldiak. Urteetan bertso antzerkia antolatu izan zen eta dantzak, modu batera edo bestera, presente egon dira gerora egin diren emanaldietan. Azken hiru urteetan, ordea, dantzan ardaztutako ikuskizuna da lehenengo asteburuko ostiralean eskaintzen dena. Herriko Anitz dantza taldea indarrean dagoen seinale, bertan aritzen diren herritarrek hartzen dute guztia prestatzeko ardura.

Aurreko bi urteetan, ura eta hariak izan zituzten dantza ikuskizunaren gidalerro eta iaz, festak amaitu eta berehala hasi ziren aurtengoa gaia pentsatzen: zubiak. Anne Jauregi taldeko kideak aipatu duenez, «pentsatzen hasi eta jabetu ginen uste baino zubi gehiago daudela herrian». Guztiak egongo dira presente Nekane Peñagarikano herritarrak ondu duen gidoian oinarritutako ikuskizunean. «Zubiak modu sinbolikoan ere hartu nahi izan ditugu, belaunaldien arteko, jatorri eta kultura ezberdinen arteko zubiak irudikatuko ditugu», dio Jauregik. 

70 dantzari baino gehiago

Anitz dantza taldean aritzen diren ume, gazte, gaztetxo eta helduen taldeetako dantzariak izango dira protagonista emanaldian. Talde bakoitzak, hiruzpalau dantza erakutsiko ditu, «tradizionalak eta baita koreografia modernoagoa dutenak ere». Ikasturte osoan landu dituzte dantza horiek entsegu orduetan eta beraz, ikasitakoa erakusteko okasioa izango dute gaur. «Helduen taldean aurten jende gehiago dabil eta ilusio handiarekin prestatu dute guztia» esan du dantza taldean irakasle ere badabilen Jauregik. Azken bi larunbatetan Mikelasagasti auditorioan guztiak elkarrekin egin dituzte entsegu orokorrak.

Aurreko urteetan ere, dantza eta dantza arteko loturak, audio grabazio, bertso, bakarrizketa eta bideoekin landu izan dute. Aurten, haria, bi aktorek eramango dute eta besteak beste, herrian dauden zubien izenak errezitatuko dituzte. Aurretik ere langintza horretan arituak diren Xabi Urretabizkaia eta Juanjo Oria ariko dira oholtza gainean.

Aurreko urteetan bezala, Loatzo musika eskolakoekin elkarlanean ariko da Anitz dantza taldea. Jauregiren esanetan, «zenbait koreografiaren musikak joko dituzte eta trantsizioetan ere lagunduko dute». Aitana Miner herritarrak parte hartuko du kantuan eta gonbidatu berezia ere izango dute gaurko ikuskizunean. Bartzelonan dantza ikasketak burutzen ari den Amaiur Luluaga herritarrak ikasitakoa erakutsiko du taula gainean. Alurr dantza taldekoak ere gerturatuko dira gaur Anoetara.

Ordubeteren bueltako emanaldia izango da Zubiak eta gaur baino ez da ikusi ahal izango. «Oraingoz ez zaigu herritik kanpora eskaintzeko aukera suertatu, baina irekita gaude». Hala ere, gaurko emanaldiko dantza batzuk igandean ikusi ahal izango dira Anoetako Dantzari Txiki egunean.

«Ilusio eta gogo handiz» prestatu dute gaurko emanaldia Anitz dantza taldeko kideek. «Osasuntsu» dagoen taldea dela aipatu du Jauregik eta urtez urte geroz eta jende gehiago gerturatzen dela. Ikasturte osoan zehar egindako lanaren emaitza ikusi ahal izango da gaur kiroldegian 22:30ean hasita, eta honenbestez, egunerokotasunaren eta hemendik aurrera Anoetan izango den jai giroaren arteko zubia eraikiko dute dantza taldeko kideek eta gerturatzen diren herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!