Anoetako jaiak 2017

Elkarlanaren hazitik... herriarentzat herritik

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 9a, 13:54

Eragileek auzolanean prestatu dute festa gunea.

Udalaren babesean festa batzordeak antolatzen duen egitarauaren osagarri gisa, herriko eragileek lau egunetako programa prestatu dute aurtengo Anoetako festetarako.

«Badugu gure estilo propioa, elkarlanean eta auzolanean aritzera ohituta gaude eta festa batzordean parte hartzeari utzi gabe gure ekarpena egin nahi izan dugu herrian oraindik ere festa hobeak izan ditzagun», esan du Maddi Sarasolak, eragileen izenean. Sare, Sortu, Ernai, Anoetako Gazte Asanblada eta Anoetako Emakume Taldea elkartu dira egitarau osagarria prestatzeko.

Naroa Urkolak azpimarratu duenez, «modu naturalean» atera zaie. «Eragile bakoitzak bere proposamena luzatu du eta herriko musikari askok hartuko du parte». Izan ere, badira urteetan egin izan diren ekitaldiak, esate baterako aurten 90 lagun baino gehiago bilduko dituen larunbateko gazteen kalejira edo Korputs egunez egiten den saiheski jatea. Urkolak gogoratu duenez, «iaz adibidez presoen aldeko brindisa egin genuen lehen aldiz eta herrikoak tarteko zirela kontzertu berezi bat ere antolatu genuen. Aurten, ordea, lehen aldiz egitarau forma hartu du guztiak». Asteazkenetik larunbatera egingo dira ekitaldiak.

Txosnagunea erdigunean

Eragileek antolatutako ekimenak gauzatzeko toki naturala txosnagunea izango da. Plaza txikia deitzen dioten horretan bi txosna jarri dira eta aldamenean, baina aparteago, karpa erraldoia. «Antolaketa urtez urte aldatzen joaten da. Iaz, adibidez, eszenatoki ondoan jarri genuen karpa eta aurten urrutixeago egongo da. Horrek beste giro baterako aukera emango digu». Barruan jarriko dute oholtza eta bertan egingo dira kontzertuak.

Txosnagunea prestatzen buru belarri aritu dira lanean azken egun hauetan. Sarasolaren esanetan, «herri dinamika handia dago Anoetan eta auzolanean oso ohituta gaude. Asanbladan, autogestioa zer den ezagutzen dugu gaztetan eta gero horrek fruituak ematen ditu». Muntai lanetan aritzeaz gainera, festa egunetan txosnan aritzeko txandak ere herritarren artean osatu dituzte. «Herria oso momentu onean eta aktibo» dagoenaren seinale da Sarasolaren ustez.

Borroka eta festak, uztartuta

Urtean zehar ekimen asko antolatzen dituzte Anoetako eragileek eta festak «ez dira salbuespen bat». Hortaz, talde bakoitzak duen izaera errespetatuz eta borroka dinamika horiek festarekin uztartuz prestatu dute egitarau osagarria. Zero Zabor filosofiarekin bat egingo dute, adibidez. Herriko eragileek inbertsio bat egina dute, berrerabilgarria den materiala erosteko, gero herri bazkari eta afarietan erabiltzeko. «Besteak beste, inbertsio horri aurre egiteko eta eragileek urtean zehar egiten dituzten ekitaldiak antolatzen jarraitzeko erabiliko dira txosnagunetik ateratako etekinak».

Hala ere, ez dituzte festak etekin horiei begira antolatu, ezta herritik kanporako jendea erakartzeko, «nahiz eta ongi etorriak izango diren». Herritik herriarentzat prestatu dute egitaraua eta jakin badakiten arren eskualdeko beste zenbait herritan festak izango direla egunotan, ez dira beldur. Urkolak eta Sarasolak argi esan dute: «parrandak fallo handirik ez du Anoetan. Lanerako onak gara, baina festarako ere bai».

 

EGITARAUA

EKAINAK 14, ASTEAZKENA

19:30. Presoen aldeko brindisa.

00:30. Kontzertuak: TPR eta Bittor&Bittori.

EKAINAK 15, OSTEGUNA

21:00. Saiheski jatea.

01:00. Kontzertuak: Autobus magikoa eta Little Martin Selektah.

EKAINAK 16, OSTIRALA

18:30. Kaja jokoa, DJ BAG herritarrak giroturik.

EKAINAK 17, LARUNBATA

18:00. Gazteen kalejira.

23:00. Gazteen dantza.

02:00. Bad Sound System.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!