Anoetako jaiak 2017

Manolo Urbietari esker ona, ikasturte amaierako emanaldian

Ataria 2017ko eka. 6a, 16:56

Loatzo musika eskolako 400 ikasle inguruk iaz zendu zen zarauztarraren piezak eskainiko dituzte Anoetako festetan, ekainaren 16an, 19:00etan kiroldegian

«Musika irakasteko modu bat irakatsi zuelako», esker ona adierazi nahi dio Loatzo musika eskolak Manolo Urbietari. 2016ko irailaren 28an hil zen Ran Rober Ran, Mac Mikel, Behin Betiko edota Jon Braun bezalako kantuen egilea. «Txikiak handiak direla eta indioak gu bezalako gizakiak direla dioten kantuekin hezi ginen», esan du Izaskun Jauregi Anoetako zinegotziak, hilaren 16ko emanaldia aurkezteko bildutako udal ordezkarien izenean.

Zortzi herri txikiz osatutako musika eskola «handi» bat da Loatzo Jauregiren esanetan eta «Manolok irakatsi bezala, gure txikitasunean handi sentitzen gara, gure haurrei kantu goxoak euskaraz irakasten dizkiegunean, jolasean, lagun artean musikak handitzen dituela ikusten dugunean».

Urbietak utzitako ondareaz egunero gozatzen dute Loatzoko ikasleek eta hori izan da Manolori esker onez emanaldia antolatzeko arrazoietako bat, «ikasleek kantuen bidez bera eta bere artea ezagutu dezaten».

400 IKASLE OHOLTZA GAINEAN

2016-2017 ikasturteari amaiera emateko balioko du ekainaren 16ko emanaldiak eta bertan mankomunitatea osatzen duten zortzi herrietako ikasleek hartuko dute parte, guztira, 400 ikasle inguru. 4 urtetik gorako umeak izango dira protagonista eta era guztietako instrumentuak entzuteko aukera izango da. Orotara, Manolo Urbietaran 10 bat kantu eskainiko dituzte. Loatzo musika eskolako ikasleekin batera, Txomin Azpiroz eta Oier Urkola bertsolariak eta Kukuak Kantuz abesbatzako kideak ariko dira. Ordubete pasatxoko emanaldia osatuko dute elkarrekin.

Loatzoko irakasleek aitortu dutenez, «entzuteko, ikusteko, sentitzeko bide berri bat» irakatsi zien Urbietak eta horregatik guztiagatik «esker ona» adierazi nahi diote. Oholtza gainean ariko direnek eta behetik ikusle gisa egongo direnek izango dute horretarako eta hain ezagunak diren kantuak gogoratzeko aukera. Hitzordua Anoetako festen egun handian jarri dute, Korputs egunean, 19:00etatik aurrera, Abraham Olano kiroldegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!