Bi milioi euroko aurrekontua Anoetan

Ataria 2017ko mar. 31a, 10:19

Anoetako Udalak 215.000 euro bideratuko ditu inbertsioetara eta besteak beste, lehen sektorearen inguruko diagnostikoa egiteko asmoa du 2017an

artxoaren 27an Anoetako udalbatzak ohiko osoko bilkuran onartu zuen 2017ko aurrekontua. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen eta azaldu ziren EAJko bi ordezkariek abstentzioaren alde egin zuten. Egoera «tristea» iruditzen zaio Pello Estanga alkateari: «Aurrekontua aho batez onartu ez dela ikusita herritarrek pentsa dezakete konfrontazioan bizi garela baina ez da horrela gertatzen. EAJk dituen lau ordezkarietatik bi azaldu ere ez dira egiten ez batzorde eta ez batzarretara».

Oposizio eraikitzaile bat nahi luke Estangak eta legealdi hasieran jeltzaleei lanerako gonbita egin zitzaiela azpimarratu du. «Ez dute azalpenik, ez ekarpenik egiten. Guk ezin dugu inor behartu eta lepotik helduta ekarri. Beraiek jakingo dute zergatik hartzen duten jarrera hori». Astelehenean, hondakinen bilketa sisteman aldaketak egingo dituzte Anoetan eta papera eta ontzi arinak jasotzeko edukiontziak aterako dituzte kalera. Gai honetan ere adostasunerako giroa sumatu du faltan alkateak: «EAJko ordezkariak ezezkoan daude, bereari eusten diote eta ez dira hortik ateratzen».

Bi milioi baino gehiago

Anoetako Udalak 2017an, 2.195.338 euroko aurrekontua izango du. Kopuru horretatik 215.400 euro bideratuko dituzte inbertsio berrietara, hasiera batean. «Hemendik gutxira egingo dugu 2016ko likidazioa eta gerakin bat egotea aurreikusten dugu. Kreditu aldaketak eginez, diru kopuru hori inbertsio berrietara bideratuko dugu», dio Estangak.

Epe ertainera buruan dituzten proiektuen artean, besteak beste, Solkorre kaleko babes ofizialeko eraikinaren etxabea egokitzea dago; gazte lokala eta erabilera anitzeko gela egin nahi dituzte bertan. Industrialdeko eta San Joan kaleko zoruak egokitzeko lanak ere egin nahi dituzte eta hasiak dira iaz onartutako irisgarritasun plana herritarrekin konpartitzen: «Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako bizilagunekin egon gara eta azaldu diegu zer den plana. Auzo horretako etxeen fatxadak berritzekotan dira eta horiek bukatutakoan helduko diogu irisgarritasun egitasmoari». Oraingoz, Isasti kaleko bide bat argiztatu eta baranda jarriko dute.

Epe motzean egiteko aurreikusita zeuzkaten inbertsioetako batzuk gauzatu dituzte dagoeneko urteko lehen hiruhilekoan. Besteak beste, industrialdeko kale argiteria aldatu eta erretirodunentzako tabernan joko eremua berritu dute. Taberna-jatetxearen esleipena, gainera, egin berri du Anoetako Udalak eta «azkeneko ukituak» eman ondoren, Aste Santuaren ondoren zabalduko dute.

Plaza txikia egokitzeko, aurtengo aurrekontuan 65.000 euro gorde dituzte eta Korputs festen aurretik bukatu nahi dituztenez lanak, aurki hasiko dira moldaketarekin. Estangak nabarmendu duenez, «herri bizia» da Anoeta eta hori herriko saltokiei esker da. «Horregatik erabaki dugu plaza oinezkoentzat egokitzea baina aparkaleku guztiak ez kentzea. Erosketak egiteko jende askok hor uzten du kotxea».

Lehen sektorearen erradiografia

Herriko hainbat baserritarrek euren produktuak saltzen dituzte, hain justu, herrigunean dauden saltokietan. Ez dira asko, ordea, lehen sektoretik Anoetan bizi diren herritarrak. Udal taldeari «kezka» eragiten dio baserriaren ahultzeak eta horregatik, «non gauden jakiteko, lur-jabeekin eta sektoreko eragileekin hitz egin nahi dugu, erabakiak hartu aurretik diagnostiko bat egiteko». 25.000 euro bideratuko dituzte egitasmo honetara eta eskualdeko landa garapen agentzia, Tolomendi arduratuko da prozesua dinamizatzeaz.

Uda aurretik onartu asmo duten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasota dago nekazaritza erabilera emango zaiela herriko hainbat lurrei. «Lur-jabeei horren inguruko informazioa emango diegu eta beraiekin batera egin nahi dugu bidea, etorkizuneko erronkak finkatu ahal izateko». Diagnostikoa egiteak, urtebeteko lana emango diela uste dute udal ordezkariek.

 

Euskararen erabilera neurtu dute Anoetan

Behera egin du euskararen erabilerak herrian eta horrekin kezkatuta agertu da udala

Laugarren aldia da Anoetako Udalak hizkuntza erabileraren kale neurketa egin duela, Soziolinguista Klusterraren laguntzarekin. 2016ko neurketak datu hauek erakutsi ditu: kalean jaso diren elkarrizketen %57,7 euskaraz izan dira, %39,2 gaztelaniaz eta %3 beste hizkuntzetan.

Haurrak elkarrizketetan presente egoteak eragin handia duela ere azaltzen du neurketak. Umeak mintzakide direnean, batez ere beraien artean edo zuzenean nagusiekin ari direnean, euskararen erabilerak nabarmen egiten du gora. Nagusiak, aldiz, haurraren presentziarik gabe ari direnean, euskararen erabilera baxuagoa da.

Udalaren kezka

Adinka ere aztertu ditu datuak Soziolinguistika Klusterrak eta adin-tarte guztietan egin du behera erabilerak 2011tik 2016ra: haurren kasuan %89,6tik %73,2ra, bost urtean. Bilakaera horrek kezkatzen du gehien udala, «pixkanaka, euskara gero eta gutxiago entzuten delako herriko kaleetan».

Pello Estanga alkateak nabarmendu duenez udalaren egitasmoan funtsezkoak dira «euskara indartzea eta euskararen arnasgune izaten jarraitzea». Horretarako besteak beste Anoetako Udalak hartuak ditu hainbat neurri: UEMAko kide da, udalean euskara teknikaria du lanean eta diruz laguntzen ditu, esate baterako, euskara ikasleak: «Asistentzia ziurtatzen badute, matrikularen %100 itzultzen zaie ikasleei», dio Estangak.

Norbanakoak aktibatu

Honenbestez, eta kale erabilera neurketaren emaitzak ikusita, Anoetako Udalak «konpromisoa» hartu du datuak sakon aztertzeko eta plangintza bat egiteko herriko hainbat eragilerekin batera. Hala ere, udalaren konpromisoa «ez da nahikoa izango», alkatearen hitzetan, «emaitza hauek iraultzeko».

«Dakienak euskaraz egin, erraztasuna ez duenak saiakera egin eta ez dakienak ikasten saiatu behar du. Okasio guztietan euskaraz aritzea da irtenbidea», Estangaren ustetan. Norabide horretan jarrera eredugarriak ere badaude Anoetan. «Sei hilez behin Harrera programa egiten dugu eta erroldatu berriei herrian zein zerbitzu dauden azaltzearekin batera, euskara bertako hizkuntza dela adierazten diegu». Lehenengoan ulertu dute Badia marokoarrak eta Diouma senegaldarrak eta hasiak dira euskara ikasten. Asteartean, Anoetako Udalaren lekukoa eramango dute 20. Korrikan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!