Festa giroa izango da bihar, mus txapelketaren finalarekin

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 24a, 12:21

IX. edizioaren final nazionala jokoan izango da egun osoan, Anoetako plaza Euskal Herriko muslarien topagune bihurtuz.

Euskal Herriko Mus Txapelketaren final nazionala Anoetan jokatuko da bihar. Egun guztiko egitaraua prestatu dute Mus Federaziotik, eta zazpi herrialdeetako 128 bikotek hartuko dute parte bertan. Gipuzkoatik 32 bikote ariko dira, eta horietatik 11 bikote Tolosaldekoak izango dira. Anoetako kanporaketan parte hartu zuten bi bikote lehiatuko dira biharko finalean, tartean Gipuzkoako txapeldun geratu zena.

Final nazionala herrialdez herrialde aldatzen joaten da urtero eta aurten Gipuzkoa egitea tokatzen zen. «Anoeta aukeratu zen Mus Federaziotik, batetik badakigulako herriak duen antolakuntza ahalmena, bai gazteak, bai helduak, zein herriko eragileak eta tabernak... Udalak berak sekulako borondatea erakutsi du finala herrian antolatzeko», azaldu du mus txapelketako antolakuntza kidea den Iñaki Aristeta adunarrak. Karpa handi bat jarri da herriko plazan, herrigunean jokatu ahal izateko finala. «Ikusten zen aukera polita zela giroa herrigunean bertan izatea», azaldu du Aristetak, «eta eskertzen diogu Anoetako Udalari ahalegin hori egitea». 

Finalerako sailkatuta egon arren, tarteka aldaketak izaten direlako, parte hartzaileek izena eman behar dute goizean goiz. Kafea eta pastak izango dituzte goizari indarrez ekiteko.

Harrera ekitaldia izango da ondoren, eta bertan parte hartuko dute Pello Estanga Anoetako alkateak eta Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak. «Pello Estanga alkatea bera ere antolakuntzan parte hartzen ari da eta, aldi berean, aurten Udalbiltzatik ere parte hartuko dute ekitaldian», azaldu du Aristetak.

Lehen fasetik 32 bikote sailkatuko dira eta hortik kanporaketa zuzenera pasako dira. «Asmoa da zortzi bikote pasatzea arratsalderako. Beste urteetan ez dugu lortu, baina ea aurten posible den», dio Aristetak.

Bazkaria 200 pertsonentzako egingo da, eta lehentasuna izango dute muslariek txartelak eskuratzeko. Bestalde, gerturatzen den edonork izango du aukera parte hartzeko bazkarian, txartelak agortu arte. Anoetako kantu jira taldekoen partaidetza izango da bazkalondoan. Aurrerago Mejikortxo talde nafarraren emanaldiak alaituko du giroa. Taldeak Gipuzkoan egiten duen lehen saioa izango da.

I. Mus Txapelketa Azkarra

Aurten lehenengo aldiz Mus Txapelketa Azkarra antolatu dute. 12:00etarako izena eman behar da, eta horretarako aukera izango dute mus txapelketa nagusiaren lehen fasea gainditzen ez dutenez gain, bertaratzen den muslari orok. Bikoteko bost euro ordaindu beharko da eta sariak, garaikurraz gain, bertako produktuez hornitutako zortzi otar eder izango dira lehen sailkatuentzako. Zazpi kanporaketa zuzen inguru jokatuko dira, eta 20:00ak arte iraun dezake txapelketa azkarrak.

Arratsaldean txapelketa azkarra karpan jokatuko da, eta txapelketa nagusia udaletxera pasako da. Txapelketa nagusiaren azken partida zuzenean eskainiko da karpan bertan, eta irudiez gain, zuzeneko soinua jasotzea espero dute antolatzaileek.

 

EGITARAUA

08:00-09:00. Izen ematea eta kafea.

09:30. Harrera ekitaldia. Ondoren, lehen fasearen hasiera.

11:00. Hamaiketakoa.

11:30. Bigarren fasearen hasiera.

12:00. Euskal Herriko I. Mus Txapelketa Azkarraren hasiera.

14:00. Herri bazkaria. Bazkalondoa Anoetako kantu jirak alaituko du.

16:00. Arratsaldeko fasearen hasiera.

19:00. Mejikortxo taldearen kantaldia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!