Euskal Jaia iragartzeko logotipo bila

Ataria 2017ko martxoaren 3a

Anoetan logotipo bat sortu nahi dute Euskal Jaia irudikatzeko mota guztietako zabalkunde, informazio eta publizitate euskarrietan. Lehiaketa jarri dute martxan irudia aukeratzeko.

'Anoetako Euskal Jaia' testuak azaldu beharko du irudian eta balore hauek irudikatu: euskal izaera, nekazari munduaren aldarrikapena eta elkarlana.

Lanak martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira udaletxean edo liburutegian eta gero, Anoetako Euskal Jai batzordeak osatuko duen epaimahaiak erabakia hartuko du, apirilaren 28a baino lehen. Epaimahaiak erabaki gabe utzi dezake saria, aurkeztutako lanek saria lortzeko kalitate nahikoa ez dutela uste badu.

Aurkeztutako lanek originalak beharko dute izan, beste inon ez aurkeztutakoak. Gehienez pertsona bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu, koloretan eta 10 x 10 zentimetroko neurrian asko jota. Logotipoak karratua izan beharko du eta teknika librean egindakoa.

Lanarekin batera, kartazal itxi baten barnean egilearen datuak eta logotipoaren azalpena sartuko dira. Kartazalaren kanpoan eta kartelaren atzeko aldean, berriz, egilearen goitizena. 120 euro eramango ditu logotipo irabazlearen egileak.

Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat antolatu ahal izango du Euskal Jai batzordeak, egoki baderitzo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!