Lau aurpegi zituen Urepeleko artzaina

Eneko Dorronsorok zuzendutako Xalbador, izana eta izena dokumentala eskainiko dute, astelehenean.

2014an estreinatu zen lana, eta orain bi urteko korrika kulturalaren barruan bide polita egin zuen, Urepelen hasi zelako. Orduan, herriz herri erakutsi, eta askorik mugitu gabe, proiektuarekin aurrera jarraitzen dute orain. Horien artean, dokumentalaren zuzendari izan zen Eneko Dorronsoro zumaiarra dago. Astelehenean, 19:00etan eskainiko dute dokumentala, Anoetako Mikelasagasti auditorioan, eta amaieran, Amets Arzallus bertsolariak hartuko du hitza.

«Aitaren bitartez etorri zitzaidan proiektu hau, beti egon baita bertsolaritza munduari lotuta», adierazi du Dorronsorok. Txikia zenean, aitak asko busti zuen bertsolarien historiekin; garai hartan, bertsoen antologien inguruko liburu bat idazten ari zen. Xalbador beti buruan izan dute etxean; «fikziozko istorio bat dirudi, baina errealitatean gertatutakoa da, eta hortik abiatu nintzen pixka bat», dio.

Bere lan egiteko moduagatik, dokumentalak prestatzerakoan, pertsonengana jotzen du, bizirik daudenengana. Kasu honetan, Xalbador, zoritxarrez, ez du bizirik harrapatzerik izan. Hala ere, ez du deskubrimendu handirik egin lan honetan, baina Xalbador-en ingurua bizi izan du. «Familia horrek markatu nau ni, eta hor ikusi dut Xalbador-en eragina nolakoa izan den», aipatzen du Dorronsorok.

Seme-alaben erantzuna

Xalbador-en irudia, nagusiki, lau seme-alaben bitartez osatua agertzen da dokumentalean. Dorronsorok bazuen intuizio bat, aitaren profil desberdinak beraien erantzunetatik osatuko zituela, bakoitzak baduelako Xalbador-ena den zerbait. Asmoa, bakoitzaren bitartez aita irudikatzea zen. «Baina, seguru, berak lau ertz baino gehiago zituela, baita bere seme-alabek ere», gehitzen du.

Erraza egin zitzaion horiengana iristea grabaketak burutzeko. Horietako batengana berriro bueltatu zenean honakoa esan zion: «Ez nuen espero itzuliko zinenik». Horrela kontatuta, badirudi gauza zaila izan zela. Dorronsoro, berriz, momentu horretan harritu egin zuen hark esandakoak, ez zitzaiolako iruditu inoiz prest egon ez zirenik. «Hala ere, egia da urtebete aritu ginela elkarrekin lanean, eta konfiantza hartzera erraz iritsi ginela», aitortzen du bizitako guztiaren ondoren. Guzti horrek, gainera, Dorronsororen ikuspuntua aldatu zuen, egitera zihoan proiektutik, gerora egin zuenera.

Horiekin batera, bertsolaritzako beste hainbat pertsonaia ere elkarrizketatu zituzten dokumentalerako. «Niretzako garrantzitsuena etxeko bizitza hori zen, baina Xalbador izan dena izan da, bertsolari ona zelako». Orduan, hori kontrastatzeko, edo horretaz hitz egiteko, egokia iruditu zitzaion bertso munduko pertsonaiekin hitz egitea. Tartean, Amets Arzallus, astelehenean bertan izango dena. Arzallus, gainera, Xalbador-ez asko ikasitakoa da, bere bertso asko entzundakoa, eta bera bezala, mugakoa. Beraz, dokumentalaz mintzatzeko «pertsona egokia» iruditzen zaio Dorronsorori.

Ezin geldirik egon

Odolaren mintzoa idatzi zuen behin Xalbador-ek. «Nirea, ordea, ez dakit odolaren mintzoa den, baina odol isurketa handiak egiten dira elkarrizketa osteko lanetan; edizio lana, batez ere, gogor samarra izan zen». Azkenean, Maddalen Sarasuak hartu zuen muntaketaren patroi lana. Dorronsorok hainbeste sakondu nahi izan zuen, eta gauza asko utzi behar izan nituen kanpoan, guztiari forma on bat ematea ez baita erraza. Geldirik ez egoteak, bizitza ematen dio. «Orain fikzio-dokumental batekin lanean ari naiz Bartzelonan», esan du.

Hainbeste entzun dugun, eta bere abesti eta bertsoak hainbestetan kantatu ditugun pertsonaiaren espiritua nondik dabilen jakin nahi duenak, beste guztiak bezalakoa zen pertsona baten bizitzaz gehiago jakiteko aukera izango du, datorren astelehenean, 19:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!