Aurten aurrekontua, garaiz

Jon Miranda 2017ko urt. 20a, 12:26

Anoetarrei aurrekontu proiektua aurkezteko batzarra egingo da, bihar, udaletxeko batzar aretoan, 11:00etan.

Bi milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du Anoetako Udalak 2017an. Pello Estanga alkatearen esanetan, «orain arte udaletxe honetan ez gara gai izan aurrekontua behar bezala eta behar zen garaian aurkezteko. Guk bost urte daramatzagu udal gobernuan, baina aurretik datorren arazoa da, 15 urte dira atzeratuta gabiltzala». Udaletxean eman diren aldaketak tarteko, aurten lortu dute kontabilitate mailan gauza guztiak eguneratuta edukitzea eta horregatik erabaki dute udal ordezkariek aurrekontu proiektua herritarrekin konpartitzea. Etxez etxe eskuorri bat banatu dute egunotan, biharko batzarrera joango diren herritarrek zertaz hitz egingo den jakin dezaten.

Aurreko urteetako kopuru igualtsua izango du aurtengo aurrekontuak. Foru funtseko ekarpena handiagoa izango da, «zerga gehiago bildu dutelako aurten eta Anoetan biztanleria handitu egin delako», esan du Estangak. Ofizialki, 1.950 lagun bizi dira herrian.

Pertsonala eta ondasun eta zerbitzu arruntak ordaintzen gastatuko du diru gehien Anoetako Udalak 2017an (aurrekontuaren bi heren). 400.000 euro inguru ere banatuko ditu herriko eragileen artean, besteak beste, Herri Ikastola, Loatzo musika eskola eta Tolosaldeko Ataria lagunduko ditu diruz. Horrekin batera, 180.000 euro zorra kitatzera bideratuko ditu: «Bere garaian, hiru milioiko mailegua eskatu zuen udalak kiroldegia egiteko eta 2024ra arte, urtero, kopuru hori ordaindu behar izaten dugu». Anoetako Udalak duen zor bakarra da hori.

Gastu guztiak ordaindu ondoren geratuko den kopurua inbertsioetara bideratuko dute. Urtero 150.000-200.000 mila euro inguru izaten dira. Likidazioa egin ondoren, geratzen den kopurua ere aprobetxatzen baitute beste inbertsio batzuk egiteko. «2012-2013 urteetan, krisi garaian, gastuak murrizteko erabakia hartu genuen. Pertsonala eta gastu orokorrak ukitu gabe, udalak bere gain hartu zuen kiroldegiaren kudeaketa, zerbitzu hori azpikontratatzeak zekarren gain-gastua ekidinez. Efizienteagoa eta merkeagoa den argiteria jartzen ere ahalegina egin genuen, led sistema baliatuz». Hiru urtetan 300.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak argiteria aldatzen eta erdia Eusko Jaurlaritzako EVE erakundeak finantzatu zuen.

Beste erakundeen laguntza

Udal ordezkariak beti egon dira adi beste erakundeetatik zabaldutako diru laguntza lerroetara eta horiek aprobetxatu dituzte Anoetara dirua ekartzeko. Horrela gertatu da Basagainen egingo duten inbertsioarekin. «AHTaren Hernialde-Zizurkil zatiak 120 milioi euroko aurrekontua du eta proiektua irakurtzerakoan jabetu ginen aurrekontuaren ehuneko bat kulturarako gordeta zegoela. Aukera bat ikusi genuen Basagaingo burdin aroko indusketak egokitu eta herritarrei erakusteko moduan jartzeko». Herrixka inguratzen duen harresiaren inguruko lurrak erosi ditu udalak eta panel batzuk jarriko ditu erliebean, bisitariei indusketen nondik norakoak esplikatzeko. 57.000 euro jaso ditu udalak Eusko Jaurlaritzatik eta kopuru hori oso osorik bideratu beharko du proiektura. «Galdetzen digute ea beste lehentasunezko beharrik ez ote dagoen Anoetan, baina behartuta gaude diru hori horretarako erabiltzera».

Hain justu, AHTko lanek landa bideetan eragin dituzten kalteak konpontzera bideratuko dituzte 20.000 euro eta konponketa horiek burutzeko 11.000 euro jasoko dituzte Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Plaza txikiaren egokitzea

2017rako inbertsioen artean, industrialdeko kale argiteria egokitzea, gizarte zerbitzuetarako bulego berria zabaltzea eta erretiratuentzako joko eremuko obrak egitea proposatu ditu udal gobernuak. Hala ere, kopuru handiena, plaza txikia deitzen diotena egokitzera bideratuko dute. Orotara, 65.000 euro.

«Hauteskunde aurretik eragile eta adin desberdineko jendearekin bildu ginen eta plaza hori egokitzeko beharra behin eta berriro adierazi ziguten. Aparkaleku guztiak ez ditugu kendu nahi, bertako saltokientzat kaltea litzatekeelako baina zati batean oinezkoentzat egokitu nahi dugu», esan du alkateak. Plaza erdian ez da autoa uzteko aukerarik izango eta pasabide bat zabalduko dute aparkalekua eta elizaren artean.

Aurtengo aurrekontuak jasotako inbertsio horiekin batera, epe ertainera begirako plangintza bat ere osatua dute Anoetako udalean. San Joan kaleko, ikastolako aparkalekuko eta Bentaldea industrialdeko zorua konpontzeko asmoa dute eta iaz onartu zuten irisgarritasun planari erantzunez, datozen asteetan hasiko dute harremana Hozpel eta Isastiko bizilagunekin hartu daitezkeen neurriak zehazteko. Iazko diru kontuen likidazioa egin ondoren geratzen den dirua baliatzen saiatuko dira, ahal bada, 2018a baino lehen inbertsio horiek egiteko.

Aurretik agindutako beste asmo bat ere gauzatu nahi lukete udal ordezkariek: Solkorre kaleko babes ofizialeko eraikinaren etxabea egokitu gazte lokala eta erabilera anitzeko gela egiteko. Era horretara Hozpel kaleko lokala hustuko litzateke eta espazio horri beste erabilera bat eman ahal izango liokete.

Ari dira horren inguruan pentsatzen eta alkateak uste du, gazteek behin eta berriro azaldu duten etxebizitza beharrari erantzun beharko diotela, berandu baino lehen . «Interesgarriak iruditzen zaizkigu gazteentzako alokairu soziala sustatzeko eskualdean beste udal batzuk martxan jarri dituzten esperientziak. Lasarbeko etxebizitza proiektuaren bigarren fasea abiatzen denerako horrelako zerbait bultzatu nahi genuke». Baina bitartean, epe ertainera, hutsik dauden espazio horiek egokitu nahiko lituzkete etxebizitza beharrari erantzuteko.

Bihar, gai hauen inguruan hausnartzeko aukera izango da herri batzarrean. Jasotako ekarpenekin ogasun batzordean kontuak onartu eta batzarrean eman nahiko liokete oniritzia, ahal bada, urtarrileko osoko bilkuran. «Aspaldiko partez, garaiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!