Nafarroako historiarekin topo egiteko gunea

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 15a, 12:05

Astelehenean hitzaldia eskaini zuen Nafarroa Bizirik fundazioak eta bihar arte, 'Enneco, haritzaren memoria' proiektuaren inguruko erakusketa egongo da ikusgai Anoetako liburutegian.

Memoria gune bat da, Enneco, haritzaren memoria proiektua. Herri honen historia politiko-instituzionala azalduko du, VIII. mendetik XVII. mendera. «Gure iraganarekin eta orainarekin topo egin eta gure etorkizunaz pentsatzen jarraitu ahal izateko gune bat izango da», Patxi Abasolo, Nafarroa Bizirik fundazioko lehendakariaren esanetan.

Nafarroako erresuma esperientzia politiko-instituzional bat izan zen, gure herria Europako mapan kokatu zuena, besteen pare. «Zulo beltz bat dago historiaren parte horri dagokionez, isilune handi bat», Abasoloren ustetan.

Horri aurre egin nahian Nafarroa Bizirik herri ekimenak erresumaren konkista gogoratzeko herri dinamika indartsua jarri zuen martxan bosgarren mendeurrenaren bueltan. «Grina eta ilusio hori desagertu ez zedin, gure buruari bitarteko juridiko legal bat eskaini genion: Nafarroa Bizirik fundazioa eta 2013tik ari gara lanean».

Beharrak identifikatu eta proiektu fisiko bat behar zutela jabetu ziren fundazioko kideak. Etxarri-Aranatzeko 60.000 metro koadroko harizti batean kokatuko dute proiektua. Abasoloren esanetan, «Eneko Haritzaren izena hartu dugu, bide batez, Nafarrokoaren aurrekari izan zen Iruñako erresuman pertsonaia honek izan zuen garrantziagatik».

AUZOLANEAN ERAIKITAKOA

Gune ezberdinetan banatuko dute hariztia. Eraikin nagusian joango da museo proiektua eta Orreagako batailatik XVII. mendera arteko esperientzia azalduko da, garai hartako pertsonaia historikoen bitartez. Egitasmo txikiagoak ere hartuko ditu Ennecok historia bere osotasunean ulertzeko: euskararen gaia, emakumeena, historiaurrea, folklore ohiturak... «Gure harribitxia, ordea, erdi aroko dorre bat izango da. Cisneros kardinalak gure independentziaren ikur izan ziren dorre eta gazteluak bota zituen. Historia horri buelta eman, eta auzolanean altxatuko dugu gurea propioa», dio Abasolok.

Auzolana dago proiektu honen oinarrian. Dagoeneko hariztia garbitzeko lana egina dute hainbat herritarrek. Laguntzeko moduen berri www.enneco.org webgunean jaso ahal izango dute interesatuek.

Memoria gunea eraiki ahala herritarrentzako zabalik egongo da. «Datozen hiru-lau urteetan ahalik eta gehiena aurreratu nahi dugu eta 2022ko data sinbolikoa dugu jomugan. Bost mende beteko dira Amaiurko bataila gertatu zela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!