Ateaga elkartearen aurkako pintadak agertu dira Anoetan

Ataria 2016ko urriaren 10a

"Elkarteak ere gureak dira, Ateaga matxista!" lelopean egin dituzte pintadak Anoetako elizaren ondoan. Elkarte horrek ez diete uzten emakumeei bazkide izaten, ekintzaren egileek salatu dutenez.

Ekintzaren egileek adierazi dutenez, ekintza horren bidez salatu dute elkartearen izaera "matxista". Azpimarratu dutenez, elkarte horrek ez diete emakumeei uzten elkarteko bazkide izaten, eta "arazo hori erdigunera" ekarri nahi izan dute: "Emakume eta gizonen arteko parekidetasun faltsua saldu nahi badigute ere, berriz ere argi geratu da jendarte matxista batean bizi garela, eta horrelako elkarteek jarrera horiek elikatu eta erreproduzitu egiten dituzte".

Jarrera horiek sistema kapitalista eta heteropatriarkatuaren ondoriotzat jo dituzte. Azpimarratu dutenez, sistema horren oinarria gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira, emakumearen "zapalkuntza sistematikoa": "Emakumea etxean, isilik, otzan eta esaneko behar du sistema horrek, espazio pribatura mugatu eta lan reproduktiboaz arduratzen den emakumea".

Zentzu horretan, nabarmendu dute sistema hori elikatzen duten jarrerak salatzen eta publiko egiten jarraituko dutela: "Ez gara geldituko emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun erreala lortu arte. Ez gara geldituko emakumeak etxeko sukaldetatik atera, eta kalean, herriko elkarte, taberna eta txoko guztietan aske eta libre ikusi arte". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!