Euskal jai eguna Anoetan

Irati Saizar Artola 2016ko urriaren 9a

Jendez bete da Anoetako plaza goizean goizetik. Bederatzigarren urtez jarraian, Euska Jai eguna ospatu asmoz, egun osoko egitaraua antolatu dute.

Nabaria da euskal jai eguna ospatzen ari direla anoetarrak. Artzain-andre jantzita dabiltza herritarrak, eskualdeko baserritar eta artisauak topa daitezke beraien produktuak saltzen plazan bertan, dultzaineroak giroa alaitzen dabiltza herrian barrena eta zanpantzarrak ere hor dabiltza zintzarriak astintzen. 

Bederatzigarren urtez jarraian ari dira ospatzen egun hau. Urtero, gai desberdin bat lantzen dute eta aurtengoa, euskal mitologia eta sendabelarretan datza. Horretarako, plaza erdian postu bat jarri dute sendabelarrekin ukendua nola egin erakusteko. Sara Letamendia aizarnarrak erantzun ditu interesatuenen galderak. Bestalde, haurrentzako euskal mitologia inguruko tailerrak ere eskaini dituzte. 

Eguerdi aldera, jaiaren aurkezpena egin dute herritarrek, txalaparta hots, aurresku eta hitz batzuekin. Ondoren, ataundarrek mitologiarekin lotutako emanaldia eskaini dute. Hori bukatuta, ardo dastaketa eta kukuak kantuz taldearekin kalejiran ibiltzeko aukera izan da. Jarraian, bazkaria izan dute eta arratsaldean, Aiko taldearekin plazako dantzak dantzatzeko aukera izango dute. Iluntzean, taloa jateko aukera egongo da eta Ingo al deu? taldearen erromeriarekin amaituko dute eguna. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!