Herriko nekazariei plazan toki bat egiteko eta euskal naziotasuna, hizkuntza eta kultura aldarrikatzeko asmoaz antolatu zen Anoetan, duela bederatzi urte lehen aldiz Euskal Jaia. Xume hasi zen egitasmoa urtez urte indartzen eta handitzen joan da.
Antolakuntzaz arduratzen den batzordean herriko eragile sozial eta norbanakoek hartzen dute parte eta 10 laguneko taldea otsailean hasten da festa prestatzen. Maddi Sarasola herritarra batzordeko kidea da: «Urtero gai jakin baten inguruan ardazten dugu azoka. Igandean, plaza erdian postu bat jarriko dugu eta han sendabelarrekin ukenduak nola egin erakutsi eta haurrentzako euskal mitologiaren inguruko tailerra eskainiko da». Hain zuzen, hilabete osoan zehar, gai horren inguruko lanketa egin dute herrian, eta bihar, 20:30ean hasita, Isastitik Mariren jaitsiera antolatu dute.
Azoka, jaiaren erdigunean
Goizeko 10:00etatik 14:00etara 26 bat postuk hartuko dute Anoetako plaza. «Nekazariak herrikoak soilik etortzen dira, iruditzen zaigulako aitortza egin behar zaiela», esan du Sarasolak. Herrikoari lehentasuna emateaz gainera, produkzio moduan jartzen dute arreta. «Ez dugu erakusketa soil bat antolatu nahi».
Eguerdian Euskal Jaia aurkezteko ekitaldia egingo da plazan eta ondoren, Kukuak Kantuz taldekoak aterako dira kantari. Eguerdian frontoian egingo duten herri bazkariaren ondoren, dantzarako aukera izango da: «Azken urteetan desafioak izan ditugu protagonista eta aurten beste aukera hau izango dugu». Aiko taldekoak aurrena eta ondoren, Ingo al deu? plaza taldearekin erromeria izango da. «Eskualdeko jendea gonbidatuta dago».
Entzun, Maddi Sarasolarekin izan dugun solasaldia: