Basagaingo burdin aroko herrixkara bisitak egingo dira

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 21a, 11:28

Igandean Anoetako Udalak eta Nordic Walking elkarteak antolatu dute herritarrentzat irteera eta indusketa zuzendariak azalpenak emango ditu bertan.

Urtero bezala indusketa lanak egiten ari dira Basagaingo Burdin Aroko herrixkan. Egun hauetan ikastetxeek bisitak egingo dituzte eta igandean Anoetako Udalak eta Nordic Walking elkarteak antolatutako irteera izango da.

Bihar, 11:00etan Larraulgo eskolako umeak joango dira Basagainera, 6 eta 12 urte artekoak. Ostegunean, berriz, Anoetako ikastolako DBHko lehen mailako ikasleak joango dira eta ostiralean, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoak. Xabier Peñalver, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta indusketako zuzendariak azalpenak emango ditu, ostegunean.

Igandean ere, behar bezainbesteko azalpenak emango ditu Peñalverrek Basagainen. Horretarako udalak eta Nordic Walking elkarteak antolatu dute irteera. 09:30ean geratu dira Anoetako plazan eta 11:00ak aldera iritsiko dira Basagainera. Nahi duenak, ipar martxa eginez egin ahal izango du bidea eta gainerakoek, besterik gabe, ibiliz. Antolatzaileek aurreikusten dutenez, 13:30 aldera plazan izango dira bueltan irteeran parte hartzen duten herritarrak.

MITOLOGIAZ HITZALDIA GAUR

Euskal mitologiaz hitzaldia eskainiko du gaur 19:00etan Amaroa elkarteko Koldo Alijostesek. Azalpenak irudiz eta musikaz lagunduta emango ditu udal areto nagusian.

Euskal mitologiaren ezaugarri orokorrak, beste mitologiekin dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertuko ditu. Jainkoak, animalia eta gizaki itxurako jeinuak izango ditu aztergai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!