Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Orain da Estatuarekiko harremana aldatzeko momentu historikoa»

Jon Miranda Labaien 2016ko ira. 20a, 08:03

Herri akordio zabalen garaia dela uste du Mikel Oterok (Anoeta, 1972). EH Bilduko legebiltzarkide izateko hautagaia da bera, eta datozen lau urteak erabakiortzat hartu ditu, arlo sozialean eta erabakitzeko eskubidearen inguruan adostasunak lortzen badira.

Suhiltzailea da ofizioz Mikel Otero (Anoeta, 1972) eta eskualdearekin lotura mantentzen duen arren aspaldian Araban bizi da. Natura du bokazio eta herri mugimenduetan jardun izan du. Orain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bigarren doa EH Bilduk Araban aurkezten duen zerrendan.

Zein balorazio egiten duzu Eusko Jaurlaritzaren azken lau urteotako jardunaz?

Egin duen lana eskasa izan da. Esaten ari gara azken aldi honetan, bizikleta estatiko batean pedaleatzen ari bagina bezalakoa dela. Irudikatu nahi dute gauzak ondo doazela baina datuek bestelako diote: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 140.000 langabe daude eta sortzen den enplegua ez da kalitatezkoa. Osasungintzan eta hezkuntzan murrizketa handiak izan ditugu eta ez zaigu iruditzen aurrera doan herria denik hau. Sozialistekin egindako akordioen bitartez, jeltzaleek aurrekontua nahi duten bezala atera dute aurrera.

Zeintzuk dira EH Bilduren proposamenak, gizarte bazterketa, pobrezia eta berdintasun ezarekin amaitzeko?

Lanaren inguruko eztabaida sakon bat egin beharra dago. Ekonomia suspertzeko modua ez da bakarrik BPGa igotzea, langileriaren pobreziaren kontura. Ekonomia bultzatu behar dugu, industria arloan plan zehatzak eginez eta enplegua suspertuz. Gehiengo sindikalaren aldetik datozen proposamenak jarraitu eta lana sortu, banatu eta duindu egin behar dugu. Herri akordio zabalak behar-beharrezkoak dira arlo honetan.

Nola egin daiteke aurre langabeziari?

Lanaldiak astean 35 ordukoak izatea proposatzen dugu eta 1.200 euroko gutxieneko soldata. Enplegu publikoari dagokionez ere lan asko egin beharko litzateke. Europaren batez bestekotik urrun gaude han %21ekoa da eta hemen %16 ingurukoa. Horrek 40.000 lanpostu sortzeko aukera ematen du. Badago nondik heldu eta ekonomia nondik suspertu.

Eta arlo pribatuari dagokionez, nola hazi daitezke gainerako sektoreak?

Ekonomia suspertze aldera, arlo guztiak hartu behar dira kontuan. Nekazaritzan eta arrantzan egiturazko krisia bizi dugu eta Europatik etortzen diren laguntzekiko menpekotasun handia dugu. Azken urteotako lurralde antolamenduak kalte handia egin du eta duela 20 urte onartutako artezpideek euskal hiri eredu bat bultzatu dute, non hiriguneak indartu diren eta hortik kanporako guztia edo baztertu edo industriagune handiak kokatzeko eta garraiobideak eraikitzeko erabili den. Eskualdeak izan beharko luke horretarako, garapen jasangarrirako, heldulekua. Adibide bat jartzearren, legez proposatu nahi dugu, eskoletako jangelak elikadura ekologikoaren bueltan ibiltzea. Gaur egungo trabak ezabatuz, bertako ekoizleak eta merkatuak sustatuko genituzke, modu horretara. Elikadura subiranotasunaren bidean jarraitzea proposatzen dugu, hemen erabakiz zer ekoiztu eta nola ekoiztu nahi dugun.

Sortutako aberastasuna modu justu batean banatzea da EH Bilduren proposamenetako bat.

Uste dugu Euskal Herrian aberastasun nahikoa sortzen dela guztiok bizitza duin bat izan dezagun. Errealitateak ez du hori erakusten, ordea, jende asko ari baita pobretzen. EH Bildutik fiskalitatean aldaketak egitea proposatzen dugu. Gipuzkoan gobernuan izan garenean adibide batzuk jarri ditugu martxan eta iruditzen zaigu erakutsi dugula zerga bilketak beste era batera planteatuta diru gehiago bildu daitekeela. Ez da posible geroz eta enpresa handiagoek geroz eta zerga gutxiago ordaintzea eta karga guztia langile xumeen gainean erortzea.

Feminismoa al da EH Bilduren programaren ardatzetako bat?

Otegik Miribillan esan zuen larunbatean: «Historian hiru iraultza izan dira, nekazaritzarena, industriarena eta orain martxan den feminismoarena». Bada ordua hala izan dadin. Garrantzia handia ematen diogu guk eta zeharkako gaia da guretzako, arlo guztietan txertatu beharreko neurriak proposatzen ditugu horregatik. Presazko neurriak hartu behar dira zaintzaren inguruan eta indarkeria matxistarekin amaitzeko planak sustatu behar dira. Egituratik jendartea aldatzeko, hezkuntza parekideak berebiziko garrantzia du guretzako.

Zein hizkuntza politika sustatuko duzue legebiltzarrean datozen lau urteetan?

Euskarekiko dugun konpromisoa erabatekoa da eta behin eta berriro erakutsi dugu. Euskara inguruko bi hizkuntza handien gaztelania eta frantsesa artean menpekoa da gehienetan eta alderdi sozialistak, gaztelania euskararen menpeko balego bezala erakutsi nahi izan digu kaleratu duen bideoan. Iruzurra egin du. PSE-EE desesperatu xamar dabil, inkestei begiratuta alderdi txiki bihurtzeko bidean doalako. Beraien boto emaile potentzial batzuk ziztatu nahi izan dituzte nagusiak eta elebakarrak direnak eta hauteskunde kanpainan protagonismoa bilatu.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat aurreikusten duzue legebiltzar berrian. Horrek bermatuko al du urratsak ematea?

Bermatu beharko luke. Uste dugu erabakitzeko eskubidea, oinarrizko eskubide bat dela eta herri honetan geroz eta jende gehiagok ikusten du hori argi. Estatuarekiko harremana aldatu egin behar dugu eta estatus berri batetara jo. Hasi behar dugu pauso zehatzak, azkarrak eta sendoak ematen. Akordio politiko eta sozial baten bila jo behar dugu, non eragile politikoekin batera, sindikatu eta gizarte eragileek ere parte hartuko duten. Hortik proposamen berri batek atera beharko luke, Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea onartuko dituena. Hori adostuta, kontsulta bat egin eta hartu den erabakia muturreraino eramateko konpromisoa hartu beharko genuke, Madrilek zer esaten duen inporta gabe.

Keinua egiten diezue, beraz, EAJri eta Elkarrekin-Podemosi.

Gehienbat bi alderdi horiei. Bai sozialistek, bai popularrek dituzten planteamendu politikoak, gureetatik oso urrun daude eta une honetan unionismo posizio batetik ari direla uste dugu. Elkarrekin-Podemosek esan du erabakitzeko eskubidea onartzen duela eta EAJk ere bere posizioa argitu behar du eta erabaki ea beste legealdi bat galdu nahi ote duen pausorik eman gabe. Datozen lau urteetan, Kataluniatik datorren erronkaren aurrean estatuak pausoak eman beharko ditu, eta guk tren horretara igo behar dugu, geure epe eta moduak errespetatuta. Hau da une historikoa hori lortzeko.

Arnaldo Otegiri debekua jartzeak eraginik izan al du zuen kanpainan?

EH Bilduren oinarriak aukeratu dute Otegi lehendakarigai eta ez dago auzitegirik hori aldatzeko gaitasuna duenik. Herriak aukeratu du eta hemen herriak agintzen du. Estatuan ez dute ikasi oraindik oztopo horiek beti gainditzen ditugula eta indar biderkatzailea garela. Lehen hautagai bat zegoen lekuan, orain hiru emakume zoragarri ditugu zerrendaburu. Gobernua osatzea tokatzen bazaigu, Otegik paper nagusi bat izango du, traba eta oztopo guztien gainetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!