Gazte Eguna izango da larunbatean, Anoetan

Ane Urkola 2016ko ira. 1a, 11:49

Larunbat honetan, hilaren 3an, Gazte Eguna ospatuko du Anoetako Gazte Asanbladak. Egun osoko egitaraua antolatu dute belaunaldi berriari ongi etorria emateko. 

Urteroko zita dute gazte eguna anoetarrek. Uda bukatu eta ikasturteari hasiera emateko, gazte eguna ospatuko dute larunbatean gazte asanbladako kideek, eta belaunaldi berriari ongi etorria emateko baliatuko dute eguna. 

Goiz goizetik hainbat ekitaldi antolatu dituzte; 9:00etan, gosaria egingo dute, eta ondoren, asanblada egingo dute. Asanblada horretan, urteko balorazioa egiteaz gain, gaztetxearen funtzionamenduaren eta ikasturteko erronken inguruan hausnartuko dute.

Asanbladaren ondoren, sagardo dastaketa egingo dute: eskualdeko sagardoak dastatzeko aukera izango da, pintxoek lagunduta. Bitartean, bazkaria prestatuko dute gazteek; urtero moduan, paella izango da gerturatzen direnentzat eta 70 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko.

Sabelak bete eta gero, gazte asanbladaren azken urteak errepasatuko dituzte bideo emanaldi baten bidez. Ondoren, poteoaren txanda izango da, eta gaztetxean afaldu ondoren, kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera. Zaparra eta Eztanda taldeak igoko dira Anoetako Gaztetxeko oholtza gainera. Txirrisklasa banatuko da gauean, eta sarrera 5 eurokoa izango da. Dena prest dute, beraz, anoetako gazteek beren eguna ospatzeko; eguna iristea falta.

Honako bideo hau egin dute herriko gazteak gonbidatzeko:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!