Fatma, Nur-Edin eta Rita, ongi etorri Anoetara

Ataria 2016ko uzt. 7a, 18:49

Anoetako Udalak harrera ekitaldi xumea egin die Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik Anoetara etorritako Fatmari eta Nur-Edini eta Txernobyl ingurutik uda pasatzera etorritako Ritari.

Josune Eizmendi, Izaskun Jauregi eta Aratz Luisa zinegotziek udaletxeko batzar aretoan egin diete ongi etorria atzerritik etorritako umeei eta haiek etxean hartu dituzten familiei. "Anoetako Udalak beti agertu du elkartasuna gatazka politikoak bizi eta hondamendi ekologikoak jasan izan dituzten herrialdeekiko", azaldu du Eizmendik eta Luisak bereziki eskertu du "ume hauek uda hemen pasa dezaten euren etxeetako ateak zabaldu dituzten familiei". Bukatzeko, Jauregik, "ongi pasatzeko" mezua luzatu die Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetatik eta Txernobyl ingurutik gerturatutako umeei.

Ritak 9 urte ditu eta Viholka herrikoa da –Errusian dago Ukrainiako mugatik gertu–. Bigarren urtea du Euskal Herrian eta iaz bezala aurten ere Anoetako familia batean hartu du ostatu. Ekainaren 19an iritsi zen hona eta iraila hasiera arteko egunak pasako ditu gure artean. "Hondartza gustatzen zait eta jateko, patak eta fruta atsegin ditut", aitortu du erdi lotsatuta Ritak. Etxean hartu duten anoetarrek oso neska alaia dela esan dute eta ongi pasatzen duela gure artean.

Lehen aldia dute Euskal Herrian, Fatmak –10 urte– eta Nur-Edinek –9 urte–. Aljeriako basamortuan barreiatuta dauden errefuxiatu kanpaleku ezberdinetan bizi dira eta orain arte ez duten elkar ezagutzen. Anoetan topatu eta elkarri kontu txikiak esaten dizkiete arabieraz. 8 eta 12 urte arteko haur saharauiarrei bideratutako Oporrak bakean programari esker iritsi ziren Euskal Herrira uztailaren 2an eta abuztua bukaera arte egongo dira gure artean. Astean bitan, ludoteka zerbitzua izaten dute goizetan eta lehen aldiz Euskal Herrira etorri direnek, Usabalgo igerilekuan ikastaroa izaten dute arratsaldero. "Bizikletan ibiltzea, igerilekuan sartzea eta jolasean aritzea gustatzen zaie gehienbat", esan dute etxean hartu dituzten familiek.

Euren herrialdeetan udan pairatzen den egoeratik babesteko martxan jarritako elkartasun programei esker iritsi dira Fatma, Nur-Edin eta Rita Anoetara. Gainera, mediku azterketak gauzatu zaizkie eta oinarrizko arazoak konpontzeko bidean jarri. Bestalde elikadura gabezien ondorioz sortutako kalteei aurre egiteko aukera izaten dute. Azkenik, euren herriak pairatzen duen egoera ezagutzera ematen dute, herrien arteko kultur trukaketa eta familien arteko erlazio estua sortuz eta kooperazioa bultzatuz.

Ekitaldia amaitzeko, Fatmaren ahizpa euskaldunak –Norak– zeharkako flautarekin doinua jo eta Ritaren ahizpa euskaldunak –Junek– agurra dantzatu die hiru umeei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!