Euskararen arnasguneei buruz hausnartzeko deia

Ataria 2016ko eka. 10a, 09:00

Liburutegian dago ikusgai egunotan arnasguneei buruzko erakusketa.

Euskarari buruzko hausnarketa egiteko, tailerra antolatu dute arnasguneei buruz Anoetako Udalak eta Uemak.

Euskararen arnasguneei buruzko tailerra antolatu dute Anoetako Udalak eta Uemak hilaren 14rako, asteartea. Udalerri euskaldunetako joera linguistikoei buruzko hausnarketa egiteko tartea izango da tailerra, eta bertan hizkuntzaren erabileran eragina duten askotariko faktoreak aztertzea da asmoa. «Elkarrekin ateratako ondorioekin etorkizunera begirako jarrerak lantzea da helburua», zehaztu dute tailerraren antolatzaileek.

Herritar guztiei dago irekia tailerra: herriko eragileak, gurasoak, norbanako interesdunak, ostalariak, gazteak, enpresariak, ikasleak... 19:00etan hasiko da saioa, udal liburutegian.

Tailerraren osagarri, erakusketa jarri dute liburutegian bertan. Hilaren 14a arte dago ikusgai, liburutegiaren ohiko ordutegian. Uemak herritarrengan eragiteko hainbat baliabide sortu ditu azken urteetan eta sortu berri duen erakusketa hau ere komunikazio estrategia horren barruan kokatzen da. Uemaren mezua herritarrengan zabaltzea da helburua eta ahalegin berezia egin da mezu ulerterrazak sortzen.

Euskararen arnasguneak, nondik gatoz eta nora goaz izena du erakusketak, eta bere mamia bi iturri nagusitatik jasotakoa da. Uemak bi ikerketa egin zituen 2014an eta 2015ean ekin dio gizarteratzeari. Lehenbizikoa, Soziolinguistika Klusterrak egindakoa da eta EAEko Udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa aztertzen du. Bigarrena, berriz, Gaindegiak landutakoa da eta udalerri euskaldunen ezaugarri sozioekonomikoak biltzen ditu. «Bi txosten mardul horien mamia modu sintetikoan eta praktikoan azaltzen du erakusketak, grafiko erakargarriz hornituta», zehaztu dute antolatzaileek.

Bestalde, aipatutako iturriez gain, beste hiru atalekin osatu da erakusketa. Lehenbizi, euskararen arnasguneak zer diren eta nolako ezaugarriak azaltzea garrantzizkotzat jo da. Bigarrenik, kultur ereduaren bilakaerak herritarrengan izan duen eraginari ere arreta berezia jarri zaio. Azkenik, herritarren aktibazioari begirako mezu indartsu eta positiboa zabaldu nahi izan da erakusketa amaieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!