Anoetako Festak 2016

Dantzan eta hariari tiraka hasiko dituzte Korputsak

Jon Miranda Labaien 2016ko mai. 19a, 09:00

Aurten maiatzaren 26arekin etorriko da Korputs eguna. Bezperan, kukua elizako kanpandorretik jaitsi eta lehertuko da festa Anoetan. Lehenagotik, ordea, eta ohiturari jarraituz, jai giroan murgilduko dira asteburu honetan.

Garai batean kuadrillen egunaren bezperan herrian bertso antzerkia egiten zuten. Emanaldi hori aldatzen joan da denboran zehar eta gaur egun, Anoetako Anitz dantza taldea arduratzen da antolaketaz. Hala ere, herriko eragileekin elkarlanean eta auzolanean gauzatuko dute biharko emankizuna. Nekane Peñagarikano herritarrak azaldu du: «dantzariekin batera, herritar batzuk aritzen gara dantza eta dantza arteko trantsizioak prestatu eta emanaldiari koherentzia ematen». Aurten, haria aukeratu dute loturak egiteko. 

«Zentzu asko hartu ditzake hariak: mataza handi batek balio dezake ume jolasa egiteko, bi belaunaldien arteko lotura egiteko edo josteko. Txotxongiloak ere hari bitartez mugitzen dira», dio Peñagarikanok.

50 dantzari inguru ariko dira bihar, «haur, gazte eta heldu» eta Loatzoko ikasleek jarriko dute musika zuzenean; hariarekin lotura duten bi kantu eskainiko dituzte zuzenean: Brodatzen ari nintzen eta Iruten ari nuzu.

Korputsak 2016. Egitaraua.

Maiatzaren 20a, ostirala

22:30 Haria ikuskizuna, Anoetako Anitz dantza taldearen eta Loatzo musika eskolaren eskutik, kiroldegian.

Maiatzaren 21a, larunbata, KUADRILLEN EGUNA
10:00 Herri krosa umeentzat plazan.
Ondoren, helduen herri krosa, Ivan Torres II. Memoriala.
12:00 Kuadrillen eguneko txupinazoa eta kalejira.
14:00 Kuadrillen bazkaria frontoian. Kuadrilla bakoitzak bere platerak, mahai tresnak, basoak eta ahozapiak eraman ditzala. Zero Zabor filosofiari jarraituz, saiatu mesedez paperezko edo plastikozko materialak saihesten.
16:30 Kuadrillen arteko jokoak plazan.
19:00 Kuadrillen poteo animatua Eonian elektrotxarangarekin.
21:00 Kuadrillen afaria frontoian.
23:30 Dj Bull plazan.

Maiatzaren 22a, igandea, DANTZARI TXIKI EGUNA
10:00 Eskualdeko herrietako dantza taldeen kalejira.
12:00 Mokadutxoen dastaketa plazan. Zero Zabor filosofiari jarraituz, ekarri zure tupperra etxetik, pintxoak etxera eraman nahi badituzu.
12:30 Dantza taldeen emanaldia plazan.
18:00 Anitz dantza taldearen emanaldia plazan.
19:00 Kantaldia: Aire Ahizpak plazan. Orbinox enpresak diruz lagunduta.
Ondoren, taloak dastatzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!