Euriak ez du soka eten

Ataria 2016ko apirilaren 16a

Dantza-Soka eguna dute gaur Anoetan. Baserriz baserri ibili dira dantzariak goizez eta eguerdirako bildu dira herriko plazara. Euripean, baina ohitura bete dute dantza-soka dantzatuz. Bazkalostean, Haatik taldearen Itsas lapurrak, erromeria eta jai giroa izango dira nagusi.

Goian eta behean euria zela atera dira dantzariak Anoetako plazara. Unai Urkola gaztea izan da aurreskularia eta Anne Jauregi atzeskularia eta tartean adin guztietako anoetarrek osatu dute soka. Urkolak amari dantzatu dio agurra eta Jauregik berriz, Amaiur Luluaga lagunari –biak elkarrekin ariko dira Itsas lapurrak ikuskizunean, arratsaldean–. Publiko artetik bikote bila aritu dira dantzariak eta haiekin batera fandango eta arin-arina dantzatu dituzte. Kalejiran amaitu dute eguerdiko festa.

Ezten Giro taldeak jarriko du erromeri giroa arratsaldean eta taloak ere izango dira salgai gerturatzen direnentzat. Orain arte kalderero egunez egiten zen Dantza-Soka eguna dataz aldatu dute aurten, festa berpizteko asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!