Gasteizko manifestazioan parte hartzeko deia

Tolosaldeko Ataria 2016ko api. 6a, 11:25
Anoetako Neska Taldeak egindako performance-aren une bat.

Performance-a egin du Anoetako Neska Taldeak larunbatean izango den manifestazio feministan parte hartzera deituz.

Indarkeria matxisten aurkako manifestazioa izango da Gasteizen, larunbatean, apirilak 9, 13:00etan, 11 eraso 12 erantzun, Feministok Prest! lelopean. Anoetako Neska Taldeak ekimena egin berri du herriko plazan manifestazioan parte hartzeko deia eginez. Hainbat emakume herriko plazan etzanda jarri ziren, beltzez, eta gorriz margotuta, odola irudikatuz. «Izan ere, egunero egunero, oraindik ere, indarkeria sexista jasaten dugu emakumeok, emakume izate hutsagatik», azaldu dute Anoetako Neska Taldetik.

Ekimenaren ondoren, Anoetako Gazte Asanbladako kideek manifestazioaren deialdiarekin bat egin, eta argazkia atera zuten. Itzuli tabernan dago manifestaziora joateko autobuserako izena emateko aukera, eta herritar guztiei egiten diete manifestazioan parte hartzeko deialdia.


Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, udaletxe aurrean itsatsi zuten pankarta puskatuta agertu zen. Hori salatu dute, eta adierazi «emakumeak ahalduntzeak batzuk molestatzen baditu ere, kaleak hartzen eta gure mezuak argi eta garbi zabaltzen jarraituko dugula. Izan ere, ez gara aske izango, denak aske izan arte».

Performance-a egin ondoren irakurri zuten testua ekimenaren bultzatzaileek:

Performance honen bidez, emakumeok jasaten dugun indarkeria sexista irudikatu nahi izan dugu. Indarkeria sexista sistema patriarkalaren makineriak darabilen tresna da emakumeok azpian mantentzeko. Sistema patriarkatuak ezinbestekoak ditu gizon eta emakumeon arteko botere harremanak, eta botere harreman horien oinarria dira txiki-txikitatik erakusten dizkiguten genero rolak.

Gizonei boterearen jabe izaten erakusten diete, dirudunak, indartsuak, aktiboak, zakarrak, ausartak...izaten, emakumeoi, ordea, pasiboak, pobreak, ahulak, goxoak, atseginak, umilak...izaten erakusten digute.

Horren ondorioz, intentsitate baxu zein altuko indarkeriak pairatzen ditugu gizon heterosexual, zuri eta botereduntzat har ez diren gorputz guztiok. Egunero-egunero jasaten ditugu erasoak: emakumeon erailketak edota bortxaketa kasuak dira izeberg horren punta, baina isiltasunak, gure hitza aintzat ez hartzea, gustuko ez ditugun oihuak edota begiradak jasan behar izatea, zer jantzi, sentitu, maitatu, edota zer nolakoak izan behar dugun inposatzen diguten publizitatea ere badira indarkeria sexista.

Gizarteak emakumetzat har gaituzten gorputzak beldurrez elikatu gaituzte txikitatik. Ahaldundu, eta erasoei aurre egiteko mekanismoak erakutsi beharrean, txiki eta burumakur ibiltzen erakutsi digute, beldurrez, otzan, gure barne-mugak errotuz. Bortxaketa esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik, gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Honek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola, gure gorputzen jabe ez sentitzea, edota segurtasun eta autoestima eza.
 
Etengabe erasotzen gaituzten sistema honetan, feministok etengabe ari gara lanean indarkeria sexista salatzeko; pankartaren atzean, instituzio publiko politikoekin protokoloak elkarlanean lantzen, edota indarkeria sexistari aurre egiteko babes sareak ehuntzen; bati erasotzen digutenean guztioi erasotzen digutela ozen oihukatzen.

Indarkeria sexista, ordea, ez da emakumeon arazoa soilik. Bada garaia sistema honek sortzen duen indarkeriari adarretatik heldu, eta arazoaren errora joateko. Ardura lekualdatu, banatu, eta indarkeria sexistaren aurkako borrokan apustu garbiak egiteko garaia dugu denok, gizonok zein emakumeok, bakoitza bere eremutik, baina norabide berdinean. Denok gara beharrezko arazo estruktural horri aurre egiteko, eta denon parte hartzea zein salaketa beharrezkoa dira. Horregatik, apirilaren 9an, indarkeria sexista salatzeko Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dizuegu den denoi, 11 eraso, 12 erantzun, Feministok prest lelopean. Bertan ikusiko dugu elkar!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!