Tolosa, bigarrenaren bila

Ataria 2016ko apirilaren 1a

Argazkia: Aspe

Gorka bikote duela, binakako txapelketako finala jokatuko du anoetarrak, bihar, Agirre eta Larunberen aurka

Bihar Promozio Mailako Binakako Txapelketako finala jokatuko da Iruñeko Labrit Pilotalekuan (16:45), eta eskualdeko pilotari bat izango da protagonisten artean: Xabier Tolosa.

Anoetarrak bere bigarren txapela lortzea izango du helburu, pasa den urtean Erik Jaka lizartzarrarekin batera profesional mailako lehen txapelketa irabaztea lortu eta gero.

Aurten Gorka Estebanekin osatu du bikotea. Ezkaraiko pilotaria «esperientziaduna» da, bere laugarren finala izango baita biharkoa. Tolosak, berriz, «lezioa ikasita» doala aitortu du: «Pasa den urtean, finalaren aurreko azken astea nahiko lasai pasa nuen, baina egunean bertan urduritasuna nabaritu nuen, aldagelan. Esperientzia hura bizi ondoren, aurten lasaiago joango naizela uste dut».

Aurkari gogorrak

Aurrez aurre Asier Agirre iruindarra eta Mikel Larunbe galdakoztarra izango dituzte. Atzelari bizkaitarra izan zen, hain zuzen, pasa den urteko finaleko aurkarietako bat.

Elkar ondo ezagutzen dute Tolosak eta Larunbek, eta eskualdeko pilotaria «partida kontrolatzen» saiatuko da: «Asko jokatzen du Larunbek, eta prest egon beharko dut. Ni agintzen saiatuko naiz». Agirre ere pilotari «fina» dela aitortu du: «Aurrean min asko egiten duen horietakoa da, ezker gantxoarekin bereziki». Agirrek ere Gorka-Tolosa bikote «gogorra» dela aitortu du.

Tolosak argi du zein izango den garaitzeko jarraitu beharreko bidea: «Gu nagusitu behar gara jokoan. Agirreri pilotak kentzen saiatuko gara, eta atzean aginduz gero, aurrean aukerak izango ditugu. Uste dut partida irabazteko gakoa hori izango dela».

Ligaxkan euren artean jokatutako partida estua izan zen. Agirrek ez zuen jokatzerik izan, eta bere ordez Olaetxeak osatu zuen bikotea Larunberekin. 22-21 irabazi zuten azken hauek.

Tolosaren ustez, Agirre eta Larunbe dira txapela irabazteko faborito nagusiak: «Ligaxkan irabazi egin gintuzten eta lider gisa amaitu zuten».

Kexarik ez

Asteazkenean egin zuten pilota aukeraketa, eta «gustura» daudela aitortu zuen Tolosak: «Pisu gehiago dutenak aukeratu genituen guk, azpitik gehiago ibiltzen direnak. Beraienek bote gehiago dute, baina ez da arazorik egon. Aukeratu ez genituen piloten artean ere gustuko bi genituen, eta beraiek aukeratu zituzten».

Aupa Tolosa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!