«Niretzat dagoen politena da Anoeta, besterik ez dut ezagutu eta»

Jon Miranda Labaien 2016ko api. 1a, 11:09

Modesto Ormazabal anoetarra eta Maria Saralegi alkizarra ezkonduta jarri ziren bizitzen Anoetako Modesto Enean. Etxearen behealdean saltokia zabaltzeko baimena eskuratu zuten 1900. urteko abenduaren 1ean. Ordutik, janari denda, jatetxe eta taberna bezala ibili izan da Moxtone. Han jaio eta lan egin izan du, bizi osoan, Isabel Berasategik (Anoeta, 1925).

Asko aldatu al da Anoeta urte hauetan?

Horixe aldatu dela! Nire gazte garaian ez zen kale etxerik. Erretore etxea, kontsejua, Goikoetxearen aurrealdea eta Irabide, horiek baino ez. Eta hemen ondoan zegoen Buztina palazioa esaten zitzaiona. Gaiztarro familiarena zen, eta garai batean, esaten dutenez, inguruko etxe guztien jabeak ziren. Gu, berriz, maizterrak ginen, gure aitona-amonek etxea erosi zuten arte.

Eskolara joaten al zineten?

Eskolara joan eta etxean lan egin. Hori zen gure bizimodua. Kontsejua deitzen zitzaion horren gainean zeuden eskolak. Gure garaietan, neska eta mutilentzat eskola bakarra zen. Handik urte batzuetara aldatu zuten hori.

Oroitzen al duzu gerra?

10 urte neuzkan. Gogoan dut nola etorri ziren soldadu batzuk Hernialdetik behera. Gu atea itxita begira egoten ginen barrutik. Gogoratzen zait etxea miatzera nola etorri ziren guardia zibilak. Hernioko zintekin egindako txirikorda bat eraman zuten, hiru kolore zituena: gorria, berdea eta zuria. Aitonari Tolosako epaitegian aurkezteko esan zioten, bestela atxilotuta eramango zutela. Alkatearekin aurkeztu zen, eta multa jarri zioten.

Tolosarako joera bazenuten?

Ni ez naiz etxetik behin ere mugitu. Gehienera ere Tolosara. Egunero joaten ginen esnea partitzera. Aurrena mandoarekin, eta gero, hemen geralekua egin zutenean, trenez joaten ginen marmitak hartuta.

Nolako mugimendua zenuten tabernan?

Gutxiago edo gehiago beti etorri izan da jendea. Gero mugimendu gehiago izan genuen, azken aldera, herria hazten hasi zenean. Bi jantokiak beteta maiz edukitzen genituen.

Pilotarako afizioa bazenuen.

Makina bat jolas egindakoa naiz. Nik lagunak ditut erraketista izandakoak, hemen aldameneko Julita Beraza —Mexikon bizi dena— eta Txikita de Anoeta zena. Alde ederreko bizimodua eraman dute haiek. Baina niri gustatu egiten zitzaidan hemengo lana, eta egin beharra zegoenez, bada, gustura. Niretzat dagoen herririk politena da Anoeta, besterik ez dut ezagutu eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!