Tolosa promozio txapelketako finalera

Asier Imaz 2016ko martxoaren 18a

Gorka-Tolosak jokatuko dute binakako promozio txapelketako finala, Arteaga-Imazi 22-11 irabazi ondoren. Partida Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu da. Tolosak jokatuko duen bigarren finala da promozio mailan. Iaz txapela irabazi zuen Jaka lagun zuela.

Bigarren finalerdia bihar jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Tainta-Apraiz eta Agirre-Larunberen artekoa izango da partida. Finala apirilaren 2an jokatzea aurreikusten da. Lekua oraindik zehaztu gabe daukate enpresek.

Gaurko finalerdian, Tolosan, Gorka-Tolosa jaun eta jabe izan dira. Markagailuan zuloa zabaldu eta mantentzea lortu dute. Anoetarrak partida borobila jokatu du, eta aurrean, Gorka Arteaga baino gehiago izan da. Jaialdi horretako lehen partidan, bestalde, Jokin Altuna amezketarrak jokatu du, lesiotik osatu ondoren. Merino II.a izan du lagun atzeko koadroetan, eta Victor-Aretxabaletari gailendu zaizkie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!